GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

KRONIKA EHU-UPVko hauteskundeak

Ezker abertzaleak ez du hautagairik babesten

 

GARA | DONOSTIA

EHU-UPVren hauteskunde prozesuaren bezperan, ezker abertzaleak adierazi nahi izan du berak ez duela inongo hautagaitzarik babesten. Ez Iñaki Goirizelaiarena, ezta Marisol Estebanena ere. Haren aburuz, Euskal Herriak bestelako unibertsitate baten beharra du eta EHU-UPV, erakunde moduan, unibertsitate eredu horretatik «oso urrun» dagoela deritzo. Horregatik guztiagatik, bestelako unibertsitate eredu horren alde lan egiteko deia egin dio unibertsitate komunitate osoari.

Komunikabideei igorritako oharrean ezker abertzaleak, bere iritziko, unibertsitate honek 27 urte hauetan izan dituen eta dituen ezintasun eta gabeziak aipatu ditu, hala nola erakundea bera euskalduntzeko dauzkan trabak edota demokratizazioan egindako atzerakadak.

Era berean, unibertsitatea «sektore espainiarzale eta atzerakoien gotorleku» bilakatu dela kritikatu du ezker abertzaleak.

Etorkizunari so eginez, ezker abertzaleak euskaraz funtzionatuko duen unibertsitatea aldarrikatu du Euskal Herrirentzako. Parte hartze demokratikorako eremua bilakatuko den unibertsitatea da haren helburua; Euskal Herriaren herri beharren arabera funtzionatuko duena, hain zuzen ere.

Pertsonaren garapen integrala eta era berean, herriaren garapen orokorra helburu duen hezkuntza- unibertsitate ereduaren aldeko apustua egiten du ezker abertzaleak. EHU-UPV aldiz, «Euskal Herrian kokatutako unibertsitatea den arren, Euskal Herriko unibertsitatea izatetik urruti dago», ezker abertzaleak nabarmendu bezala.

Goirizelaiaren alde

``Euskal Herrirako Unibertsitatea. Gure helmuga» UPV-EHUko langileen plataformak Errektoretzarako hauteskundeetan parte hartzeko deia egin du azkenean, eta Iñaki Goirizelaiaren aldeko boza ematera deitu ditu langile eta irakasleak.

Hauteskunde kanpainan zehar bi hautagaiekin egoteko eskaria egin zuen plataformak, baina, eskaera horri Goirizelaiak erantzun zion bakarrik. Goirizelaiarekin izandako batzarrean gainera, euskararen presentzia handitzeko eta Euskal Herriko unibertsitateen artean harremanak sendotzen saiatzeko «konpromisoa erakutsi zuela» dio plataformak.

Ekimena osatzen dutenen artean iritzia bildu ostean ebatzi du plataformak Goirizelaiaren aldeko boza galdegitea.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo