GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Hotz bolada

Elurrak eta izotzak proban jarri dute beste behin gidarien pazientzia

Iruñetik Altsasura edota Donostiatik Lekunberrira joatea ezinezkoa izan zuten atzo hainbat gidarik, elurra mardul bota baitzuen goizeko lehen orduetan. Izotza izan zen gidarien beste arerioa. Elur mailak gorantz egin arren, gaurko haize bolada indartsuak daude iragarrita.

p008_f01_111x111.jpg

I. VIGOR-M.EIZMENDI | DONOSTIA

Ez paseatzeko, ezta errepidean ibiltzeko ere. Atzo ez zen giro, ez behintzat etxean eta berogailuaren ondoan geratzeko aukerarik ez bazen. Azken egunotan egin duen euriari eta eguraldi umelari tenperaturen jaitsiera gehitu zaio orain, eta horrek hainbat bazterretan izotz pilaketak eragin zituen eta ibilgailuen joan-etorria erabat trakestu zuen.

Aspaldian elurrik ikusi ez zuten herrietan jasa txikiek poza eragin bazuten ere, elurrak atzokoan ere traba egin zien batez ere Nafarroatik Gasteizera edota Gipuzkoatik Nafarroara zihoazen gidariei.

Eguna argitu zuenean Iruñean ez zen elurrik, baina bai inguruko mendietan, 600 bat metroko altueran. Hiriburutik goizeko bederatziak inguruan Altsasu-Gasteiz bidea hartu zuten ehunka gidariek baina, gorriak ikusi zituzten errepidean. Sarasako bidesaria pasa orduko hasi zitzaien elurra,eta lehen unean arazorik gabe aurrera egiteko modua izan bazuten ere, Irurtzungo bidegurutzera iristean jada, informazio paneletan ikus zezaketen errepideko alde bat itxita zegoela. Hala kontatu zion GARAri gidarietako batek. Bada, arazo larrienak Irañeta inguruan topatu zituzten, kamioi bat gurutzatu eta auto ilara luzeak sortu ziren. «Irratia bilakatu zen zer gertatu zen jakiteko modu bakarra; aurrera begiratu eta geldituta zeuden auto eta kamioiak baino ez ziren ikusten», azaldu zuen gidari honek.

Ordu eta erdian geldirik egon ostean, abiatu ziren berriz ere ahal zuten moduan, hotzak errepidea izoztu eta gurpilek irrist egiten baitzuten. Horren aurrean zenbaitek berriz ere hiribururako bidea hartu zuen, baina beste hainbesterekin egin zuten topo Uharte eta Irurtzun batzen dituen bide tartean, ibilgailu guztiak ezkerreko bidetik joan behar baitzuten. Bateren batek gainera susto galanta hartu zuen irrist eginda.

Antzeko egoera topatu zuen, GARAri azaldu zionez, hamaikak aldera Donostiatik Lekunberrira abiatu zen beste gidari batek. Aurrez itxita egon zen A-15 errepidea, baina garbiketa lanak amaituta, berriz ere zabaldu zuten.

Berastegira iristerako, ordea, errepidean elurra pilatzen hasia zela ikusi eta buelta hartzea erabaki zuen, oraindik ere egoera txarragoarekin topo eginaz. Izan ere, hain zeuden elurra kentzeko makinak lanpetuta errei nagusia garbitzen, sarrera-irteerak txukuntzeko apenas zutela astirik eta hogei bat autok geldirik itxaron behar izan zuten elurra kentzera etorri arte.

Elurragatik hainbat mendate itxi egin behar izan zituzten atzo, besteak beste, Opakua, Bernedo, Herrera, Altube, Urduña, Dima eta Uitzi. Halaber, kateak erabili beharra zegoen Aiurdinen, Krutzetan, Bernedon, Zaldiaranen, Lizarragan, Urbasan, Artesiagan, Urkiagan, Urrakin, Elosun eta Urton.

Lapurdin, Biarritz izan zen denboraleak gehien kaltetu zuena ingurua. Eguerdian elur busti eta kazkabar erauntsia egin zuen, eta errepidea bat-batean zuritu zuen. Ibilgailuek, beraz, abiadura moteldu eta mantso-mantso egin behar izan zituzten hainbat kilometro. Ohiko tokietan berriz, elurrari edo kazkabarrari beharrean, erreken ur mailari erreparatu zioten gehiago, eta hain zuzen, batzu-batzuek gainezka ere egin zuten, nahiz eta aparteko arazorik ez sortu.

Elurrak eta izotzak errepideetan traba eragin zuten, baina oinezkoen artean, ordea, hotza izan zen batez ere traba nagusia. Nafarroan, aldea izan zen iparretik hego partera. Erribera inguruko herri batzuetan 7 graduren bueltan egon baziren ere, Iruñean termometroek ez zuten 3-4 gradutik gora egin. Euskalmeten webgunean bildutako datuen arabera, Belauntzan, 15.00etan batez besteko tenperatura soilik gradu bakarrekoa zen. Bidanian berriz, are eta hotzago, batez besteko tenperatura 0,4 gradukoa baitzen.

Datozen egunetako iragarpenak ere ez dira batere itxaropentsuak. Gaurko, esaterako Euskalmet agentziak haize boladak handiak iragarri ditu, batez ere kostaldean. Elurraren mailak gora egingo du, eta euria erruz egingo du gaur berriz ere.

Azaroa

42

eguzki ordu egin ditu azaroan Bilbon. Datu horrekin, 1952a ezkero eguzki ordu gutxien izan duen azaroa bilakatu da aurtengoa.

14,2

Donostiako Aquariumean egiten dituzten neurketen arabera, tenperatura horretan dago ura. Igeldoko Meteorologia Zentroan dituzten baremoen arabera, oso hotza da hori.

25

egunetan egin du Bilbon euria. 1947a ezkero euri egun gehien egin dituen bigarren azaroa izan da aurtengoa. Urte hartan 26 egunetan egin zuen.

9,6

Igeldoko neurketen arabera, hau da azaroan egin duen batez besteko tenperatura. Oso hilabete hoztzat jo dute. 1928. urtetik 13. azarorik hotzena, hain zuzen ere.

248,5

litro jaso dituzte metro koadroko Igeldoko Meteorologia Zentruan joan den hilean. Oso hilabete hezea izan da. Neurketak egiten hasi zirenetik hezeena 1966ko urtea izan da, 350 litrorekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo