GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Iñaki Zabaleta Urkiola UPV-EHUko katedraduna

Goirizelaia-Esteban, euskararen giltza

Euskararen garapen egokiagoa eta justuagoa nahi dugun irakasle eta ikasleok hobe genuke Goirizelaiari botoa ematea. Edozein modutara, Estebanek irabazten badu, UPV- EHUk hor jarraituko du eta gure ahalegina eta borroka erabakigarriak izango dira euskarak garapen justu eta jasoa izan dezan

UPV-EHUko errektoretza-hauteskundeetarako bi hautagaiak estu dabiltza azken egunotan boto bila. Bien programak ez dira oso desberdinak hainbat ataletan eta antzeko promesak egiten dituzte: irakasleen eta zerbitzu-langileen lan eta soldata-baldintzak hobetzea; ikerkuntza areagotu eta kalitatean goratzea; ikasleekin harreman hobeak izatea; eta Boloniako prozesua zalantzarik gabe aplikatzea, nahiz eta Boloniak, nire ustez, hainbat mesede eta beste horrenbeste kalte, edo gehiago, ekarri.

Bien arteko desberdintasun handiena euskararen alorrean dago. Iñaki Goirizelaiak, jadanik UPV-EHUk ia aho batez onartuta daukan Euskararen Plan Gidaria bete-betean eraman nahi du aurrera (ez da izugarrizko lorpena, baina bai oso beharrezkoa), eta alde horretatik euskaltzale gisa irmo agertzen da, unibertsitatearen nazioartekotasuna eta hizkuntza aniztasuna gutxietsi gabe. Marisol Estebanek, aldiz, nahiz eta bere programan euskararen aldeko hainbat proposamen egin (eskaintza elebiduna zabaldu, gizarte-eskariari egokituz), mesfidati eta euskararekiko ezkor dagoela dirudi: Euskararen Plan Gidaria ahuldu nahi du eta, bere programan, «una política lingüística que evite la sobredosis lingüística» (jatorrizko testuan) esaldia jarri du ardatz. Gai honek alarma guztiak piztu ditu Unibertsitateko sektore euskaltzaleetan.

Gauzak honela, gaur, seguru aski, bozketan %51ko pisua duten bi mila irakasle funtzionarioen artean M. Estebanek abantaila atera dezake, UPV-EHUko irakasle funtzionario asko espainiar Estatu, sentsibilitate eta hizkuntzaren defendatzaileak direlako eta, halaber, azken urteotako hizkuntza espainolaren aldeko kanpaina etengabeak Estatu osoan eta nazio txikietan (Katalunia, Galizia, Euskal Herria) beren hizkuntza propioen garapena oztopatu eta horien aurkako jarrera puztu duelako.

Iñaki Goirizelaiak hiru mila irakasle ez-funtzionarioen artean irabaz dezake, baina multzo honen pisua %18koa besterik ez denez, azken garaipenerako ekarri mugatua egiten du. Ikasleen eta zerbitzu-langileen sektoreetan (zeintzuk %20 eta %11ko balioa duten, hurrenez hurren, bozketaren azken emaitza ponderatuan/haztatuan) ez dirudi gauzak argi daudenik, ez eta botoen gehiengoa norengana joan daitekeen. Bi sektore hauek funtsezkoak dira Goirizelaiarentzat, funtzionarioen sailean izan lezakeen galera berdindu ahal izateko.

Une batez, aurrera joan gabe, garbi dago bozketa-sistema haztatu hau ez dela batere demokratikoa eta ez duela Unibertsitatearen autonomia errespetatzen. Madrileko Gobernuak erabaki zuen irakasle funtzionarioek, beti gutxiago izan arren, azken emaitzan %51ko pisua izango zutela. Espainiar Estatuak oso estrategikotzat jotzen du unibertsitatearen kontrola eta, horretarako, funtzionarioen sistema ona da.

Oraingora itzuliz, bada, zerbitzu-langileen artean bozketa nahiko orekatua izan daiteke eta, agian, Goirizelaia zertxobait goitik egon daiteke, sinesgarritasun handiagoa duela dirudielako.

Are funtsezkoagoa da ikasleen sektorea, emaitzaren %20 hemengoa izango baita, horietako askok edo gutxik botoa eman berdin delarik. Lurgorrik (EAJren ingurukoak) Goirizelaiaren alde bozkatzea eskatu du, baina bere indarra oso txikia da eta, gainera, beste ikasle-talde gehienek esan dute ez direla errektore hautaketan sartuko. Egia ote da hori? Zalantzak dauzkat. Beharbada, ikasle euskaltzaleen artean abstentzioa nagusituko da, neurri handi batean Ikasle Abertzaleak taldearen eraginez eta, ondorioz, Marisol Estebanek irabaz lezake, ikasle espainolzaleek (bai, honela adjektiba daiteke, iraindu gabe) ez baitute horren erraz abstentziora joko.

Ikasle Abertzaleak taldea, ikasleen arteko handiena, gogorren agertu da bi hautagaien eta beren programen aurka. Esteban «faxista» eta Goirizelaia «espainola» (PNVren itzalean) kalifikatuz, abstentzioa eskatu du, beren programek deus berririk edo desberdinik ez dutela argudiatuta. Adierazpen-askatasunaren barrenean sartzen da deskalifikazio politikoak egitea, larriak direnean ere. Nire ustez, garbi dago Esteban ez dela faxista, ez eta Goirizelaia «espainola», euskal abertzaletasunaren aurkako zentzuan, behintzat.

Beraz, euskararen garapen egokiagoa eta justuagoa nahi dugun irakasle eta ikasleok hobe genuke botoa Goirizelaiari ematea. Dei hau bereziki ikasle euskaltzaleei zuzendu beharko genieke, beraiek izan baitaitezke giltza. Nolanahi ere, Estebanek irabazten badu, UPV-EHUk hor jarraituko du eta gure ahalegina eta borroka erabakigarriak izango dira euskarak garapen justu eta jasoa izan dezan i(ra)kaskuntzan, ikerkuntzan eta bestelako zerbitzuetan. Edozein errektoreri ez baitiogu utziko euskara baztertzen eta gutxitzen; oraindik ez baitugu euskaraz bizitzerik Unibertsitatean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo