GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Euskararen Eguna

Guztiok aukera eta eskubide berberak izateko, besteak beste, denok jakin beharko genituzke hizkuntza biak, eta hori gertatzen ez den arte, hemen ez da euskaldunon kontrako diskriminazioa amaituko

Zer egingo diogu ba, euskaldunok oraindik bigarren mailako herritarrak gara, «edo zu edo ni» aukeran beti makurtu eta amore eman behar dugunok. Eta zaratarik egin barik, jakina, ez dezatela esan, gainera, taliban hutsak garenik.

Hau irakurtzen ari zaren hori: pentsatu momentutxo batean, ea zenbat bider aldatu behar izan duzun zeure hizkuntza. Pentsatu, norbaitengana zuzendu baino arinago zenbat bider jakin duzun zeure baitan, erdaraz galdetuz gero, besteak «arreta» handiagoa eskainiko dizula edo «atseginagoa» izango dela edo, besterik gabe, ez duzula arazorik edukiko. Pentsatu, hiriburura joanda, zelan aldatu duzun erdarara, aurrean daukazuna euskalduna izan litekeela bururatu ere egin barik.

Kargutu hizkuntza bietan dagoen paperen bat eman dizutenean, zelan konturatu baino lehen hasi zaren gaztelaniazko aldea irakurtzen. Normala da, denok egiten dugu askotan, mila aldiz euskarazko itzulpen eskas horiek guztiz ulertezinak direla egiaztatu ostean.

Kargutu ETB1ek ematen dituen filmak ez dituzula erdaraz bikoiztuta daudenak bezain gustura ikusten. Eta normala da. Hizkuntza guztiz artifiziala erabiltzeaz gain, ahotsak eta doinuak ez dira larregi aldatzen (eta ez diet errua bikoizketa egiten dutenei botako, telebista publiko horretako lan baldintzak ezagututa...).

Kargutu euskara gero eta traketsagoa ikusten eta entzuten dela han-hemenka, gaztelaniaz pentsatu ezean, guztiz ulertezina dena: «Bateragarritasunerako neurriak», «borondate erabakiorra», «iraunkorki bizi», «borondatezko atxikitzea», «egoiliarrentzako txartela», eta abar. Ez dira «Mihiluze»n agertutakoak eta, are okerragoa dena, euskaldunona ez den euskara mota hori itzulpenetatik euskarazko produkziora salto egiten hasia da. Itxurakerietarako hainbeste erabili izan den eta erabiltzen den itzulpengintzak herri honi ekarri dion kalte itzela hurrengo baterako utzi beharko dut.

Egia da euskaldunon aldarrikapenek politikariak euren agendetan gatazka linguistikoari tokia egitera behartu dituztela. Hala ere, agenda interesatuak dira, hauteskundeen inguruan mugitzen direnak. Horregatik aipatutako aldarrikapenok ez dira sekula kontuan hartuko benetan, finean, euskaldunok boto nahikorik ez diegulako ekartzen.

Gure eguneroko bizitzan beste hizkuntza baten morrontza izugarrian itota gaudela, alderdiak alderdi, denek esaten digute euskara politikaren oinarria «adostasuna» eta «akordioa» direla, elkarrekin harmonian bizi gaitezen, euskara ez dadin politikoki erabili, ez dezagun inor diskriminatu...

Erdaraz -eta Espainian- hain pozik bizi diren politikari horiek nahita ahazten dute denok aukera eta eskubide berberak izateko, besteak beste, denok jakin beharko genituzkeela hizkuntza biak, eta hori gertatzen ez den arte, hemen ez dela euskaldunon kontrako diskriminazioa amaituko; euskaldunok geure burua mugatu beharra dugun bitartean ez dela harmoniarik egongo; euskara Euskal Herriaren ezaugarri eta identitatea denez gero, izaera politikoa baduela, gaztelaniak eta frantsesak duten legez.

Eta inoiz denok euskara eta erdara jakitera heltzen bagara, ez da elebitasunik izango, ez dugu premiarik izango: pertsona eleaniztunak izango gara, Euskal Herri euskaldunean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo