Hurrengo partida
Roberto taldera itzul liteke Valladoliden aurkako neurketan
Taldekideekin batera lan egin zuen atzo eta gaur senda-agiria jasotzea espero du. Vadoczek, berriz, haustura bat izan zuen eta ezin izango du jokatu.
GARA | IRUÑEA
Aurrerapausoak azkar ematen ari da Roberto eta, ustekaberik ez badago, litekeena da igandean hamaikakora itzuli ahal izatea.
Atezainak orkatila bihurritu zuen joan zen asteko lan-saio batean. Malagako partida galdu bai, baina hiru egunen buruan taldekideekin normaltasunez ari da lanean eta, bilakaera on horri eutsiz gero, Valladoliden aurka aritzeko prest egongo da. Robertok berak aitortu zuen atzo «oso ondo sentitzen» dela. «Bihurdura oso gogorra izan zen eta ia mirari bat da astebetera ia sendatuta egotea, baina horrela da. Oraindik ez nago %100ean -onartu zuen-, baina iganderako hala egotea espero dut». Atezainak «oso gaizki pasatu» duela adierazi zuen, batez ere La Rosaledako partida «telebistaz ikusten, taldeari lagundu ezinik. Horrelakorik ez errepikatzea espero dut», onartu zuen.
Guztiz osatuz gero, galiziarrak helburua beteko duela dirudi, Roberto Camachoren atezain titular bilakatu baita. Manchesterretik heldu zenetik urtero gertatu den bezala, Ricardok hasi zuen denboraldia atean, baina entrenatzaile berriaren etorrerak ere bere egoera aldatu zuen.
Urrian, Kopako lehen partidan, Robertok defendatu zuen gorritxoen atea Getafen. Ez zuen inor harritu, entrenatzaileek askotan aprobetxatzen baitute bigarren lehiaketa hau ordezko jokalariei aukera bat emateko. Baina hiru egunetara, galiziarrak Montjuicen jokatu zuen, Ligan, Camachoren erabakia momentukoa ez zela agerian utziz. Ondorengo lau jardunaldiak jokatu ditu, Ricardorekin rolak aldatuz: madrildarrak jokatu zuen Kopako kanporaketaren itzuliko partida, baita Roberto Malagan ordezkatu ere, bere lesioa zela-eta.
Titulartasuna berreskuratzea espero du, beraz, Sportingetik etorritako jokalariak, batez ere une garrantzitsuotan. Izan ere, bere ustez, hurrengo hiru jardunaldietan «denboraldiaren patua jokoan dago». «Hiltzerainoko ahalegina egin beharra dugu, beraz, partida hauetan. Denok saiatzen gara, baina ziur nago oraindik ez dugula %100 eman; guztiok daukagu gehiago emateko ahalmena eta orain egin behar dugu».
Horrela eginez gero, «hortik irten» daitezkeela uste du Robertok. «Hala ere, urrats pare bat eman behar dugu; ez bat eta erdi soilik, gero berriro atzera egiteko».
Vadoczi egindako erresonantziak ezker koadrizepsean haustura txiki bat duela erakutsi du. Delportek, bestalde, ezin izan zuen atzoko lan-saioa amaitu eta hainbat proba egingo dizkiote gaur.
Bere ordezkariak adierazi duenez, baliteke Xavier Margairazek taldea uztea abenduan, beste talde bati utzita minutuak izan ditzan. Osasunak aurrelari bat fitxatzeko aprobetxa dezake hutsik geratuko litzatekeen fitxa hori.
Puede que las estadísticas estén para romperse, pero el Valladolid, de momento, no lo ha conseguido. Y es que el cuadro pucelano nunca ha logrado la victoria en El Sadar militando en Primera. Curiosamente, la única vez que se ha impuesto a Osasuna como visitante fue en Gasteiz, coincidiendo con la clausura del estadio iruindarra por mor de una sanción.
Los 22 enfrentamientos restantes con Osasuna como local se han saldado con 16 victorias rojillas y media docena de empates.
GARA