Susaren literatura aldizkarian argitaratutako hogeita bost narrazio bildu dituzte
Ariane KAMIO | DONOSTIA
Susa argitaletxeak 25 urte bete ditu aurten lehenengo liburuak argitaratzen hasi zenetik. Jardun hori, ordea, ez litzateke bideragarria izango aurreko urteetan Susaren literatura aldizkariak aitzindari lanak egin izan ez balitu. Izan ere, agerkari hori gaur egun arrakasta handia duten idazle askoren lehenengo plaza izan zen, eta bertan idatzi zituzten aitzineko ipuin eta kontakizunak. Argitaletxearen motore izan zenari errekonozimendu berezia egin diote Susakoek eta Mikel Elorzari aldizkaria bizirik zegoen garaian plazaratutako narrazio onenen antologia egin zezan eskatu zioten. Hautatzaileak azaldu zuenez, beren helburua inoiz liburu batean argitaratu ez diren kontakizunak biltzea izan da, eta guztira 25 izan dira aukeratutako narrazioak. «Gogoz hartu nuen Susaren enkargua, etxe zahar batera bisitan joatea bezalakoa izan delako». Aldizkariko argitalpenen artean bila aritu zenean, 200 narrazio baino gehiago aurkitu zituen, «literatura freskoa, berritzailea eta urbanoa» erakusten zutenak.
Liburuak biltzen dituen kontakizun gehienak narrazio laburrak dira, nahiz eta itzulpen batzuk ere tartekatzen diren, eta guztietan irizpide bera erabili dute: autore bakoitzeko ipuin bat argitaratu dute. Bilduma osatzen duten idazleen artean, aski ezagunak direnak eta anonimoak daude. Horien artean dira, Josu Landa, Juan Luis Zabala, Pako Aristi eta Mikel Hernandez Abaitua, besteak beste.