Amagoia Mujika Kazetaria
Justu guregatik eta guretzat sortutakoak
Kanpin-denda muntatzen ematen genuen arratsaldea. Alferrik, apenas erabiltzen genuelako. Etxetik kanpoko lehendabiziko parranda haietan ez genuen denbora lotan galdu nahi. Bagenuen tartean fenomeno bat. Segituan hartzen zuen gitarra, hain maitea zuen Laboari abestiak lapurtzen hasteko. Eta gaua zenbat eta zaharragoa izan, orduan eta hobeto kantatzen zuen. Eta begiak itxi eta ia-ia Mikel bera gurekin lurrean eserita zegoela sinestera iristen ginen. Eta pentsatzen genuen une hartan sentitzen genuen laguntasun infinitu hori adierazteko abesti hoberik ezin zuela inork asmatu. Eta eskertu egiten genion Mikel Laboari guregatik eta guretzat sortutako abestia.
Urte batzuk geroago, haserretu egiten ginen goizaldean tabernatik bidali nahi eta tabernariak Mikel Laboaren abestiren bat jartzen zuenean. Ez zuen bere helburua lortzen, noski. Eta pentsatzen genuen une hartan sentitzen genuena adierazteko «Izarren hautsa» hori baino abesti hoberik ezin zuela inork asmatu. Eta berriz eskertzen genion Laboari guregatik eta guretzat sortutako abestia. Arratsalde euritsuetan maindireen artean jolasean ibili ondoren, «Sorterriko koblak». Azti batek bakarrik jakin dezake modu horretan magia egiten. Eta, berriz ere, eskerrik asko Mikel.
Horregatik edo, noizbait Matia kalean topatu eta lotsatzera iritsi naiz. Jakingo balu nire bizitzako zenbat une bizi izan dituen nirekin batera! Koadrilan, nire ondoan eserita egon da askotan; makina bat parranda antologiko amaitu ditu nirekin; eta nire intimitateetan intimoenak ere ezagutzen ditu. Zeharka begiratu eta bera ere lotsatuta zegoela iruditu izan zait beti; nire momentu magikoetan sartu izanagatik lotsatuta bezala. Baina, beregatik ez balitz, ez lirateke magikoak.