Benito Lertxundi eta Laboaren lanek ez zuten dirulaguntza berezirik jaso
GARA | DONOSTIA
Miren Azkarate Kultura sailburuak, joan den astean Kepa Junkerari Gasteizko Gobernuak emaniko dirulaguntza dela-eta azalpenak eman zituenean, Benito Lertxundiren «Auhen sinfonikoa» eta Mikel Laboaren «Gernika-Zuzenean II» diskoen laguntzen kasuak aipatu zituen. Atzo, ordea, Elkar argitaletxeari igorritako testu batean akatsa zuzendu zuen Azkaratek. Izan ere, ez disko horiek ezta artistek eurek ere ez dutelako inolako laguntzarik jaso. Benito Lertxundik Euskadiko Orkestrarekin ateratako lana Elkar diskoetxeak hartu zuen bere gain, eta bigarrena, Laboak Donostiako Orfeoiarekin eta Euskal Herriko Gazte Orkestrarekin eginiko grabazioak Musika Hamabostaldiaren programazioan gaineratuta zeuden.
Kepa Junkera trikitilariak nazioartean zabaltzeko aurkeztutako proiektu batengatik 702.000 euroko dirulaguntza jasoko duela jakin ostean -laguntza berezia izan da-, kritikak zabaldu ziren eta 250 euskal artista inguruk manifestu bat sinatu dute hori salatzeko.