GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

ETAren atentatua

Mehatxua egia bihurtu, eta udal akordioa hautsi du EAk

Azpeitiko Udalbatza lasai eta pausatua amaitu bezain laster, EAk Udala sostengatzen duen akordioa apurtutzat jo zuen, atentatua «gaitzetsi» ez zela argudiatuta. Aralarrek bide berdinetik jo lezake gaur. Haatik, ez EAk, ez komunikabide gehienek ez zuten hautetsi independentistek galdegindako «benetako konponbidea» aipatu ere egin.

p006_f01_011x111.jpg

Oihana LLORENTE

Inazio Uria azpeitiarraren heriotza dela-eta, haren senide eta lagunei Azpeitiko Udalaren «elkartasuna, atsekabea, samina eta tristura» erakutsi nahian, Udalbatza berezira dei egin zuten 18.00etarako. Hitzorduak, ordea, bestelako interesa piztu zuen, saioa hasi baino minutu batzuk lehenago Unai Ziarretak, EAko lehendakariak, Azpeitian indarrean dagoen eta alkatetza Iñaki Errazkin hautetsi independentistaren esku uzten duen udal akordioa hausteko mehatxua zabaldu baitzuen.

Udalbatza amaitu bezain pronto, mehatxuak indarra hartu eta «atentatua gaitzetsi ez dutenekin ezin dugu lankidetzan aritu» esanez, udal akordioa apurtutzat eman zuen Ziarretak. Azpeitian eman zuen arratsaldea Ziarretak, eta bere alderdiak bertan dituen bi zinegotziekin bildu zen, lehenbailehen beren gobernu ardurak utz eta oposiziora pasa zitezen.

Iñaki Galdos Gipuzkoako EAko presidenteak ere zurrunbilo politikoan bere lekua egin, eta «babesa kentzeak» zer esan nahi duen argitzeko eskatu zion bere presidente Ziarretari. Are gehiago, Errazkinen kontrako zentsura mozioa aurkeztu beharko litzatekeela esan zuen.

Aralar, udal akordioa sinatu zuen hirugarren talde politikoa da, eta bart burutzekoa zen batzar batean udal gobernuan jarraitu ala ez erabakitzeko asmoa zuten.

Jendetza Udalbatzan

Herritar andanak babestu zuen Udalak deitutako bilkura, zahar zein gazte. Tartean, ordea, azpeitiarrak ez ziren makina bat politikari ezagun ikus zitezkeen, komunikabideetatik gertu. EAJko Joseba Egibar, EAko Unai Ziarreta eta Tontxu Campos edota Aralarreko Aintzane Ezenarro zeuden bertan; ordezkaritza zabalena ordea, PPk eraman zuen bertara, Maria Jose Usandizaga, Leopoldo Barreda, Borja Semper, Pilar Elias eta Iñaki Oyarzabalek osatuta, gehienek txintik ere ulertzen ez duenaren aurpegia zutela, Udalbatza osoa euskaraz izan baitzen.

Lasai eta soseguz joan zen Udalbatza osoa. Lehenik, sei zinegotzi independentistek aurkeztutako mozioa irakurri zuen Iñaki Errazkinek, eta heriotza honek «gatazkari benetako eta behin betiko konponbidea emateko beharra areagotzen» duela defendatu; zentzu horretan, Udalak «bere esku dagoen guztia» egingo duela berretsi zuen. Mozioak ordea, sei zinegotzien babesa besterik ez zuen jaso; EAJren ezezkoa eta EA zein Aralarren abstentzioa.

EAJko Julian Eizmendi izan zen hitza hartzen bigarrena, eta atentatua gaitzetsi ez zela-eta «erantzukizun falta» leporatu zion Errazkini. Jarraian bere alderdiak zein EAk eta Aralarrek adostutako mozioa irakurri zuten. EAJko zortzi zinegotziek, EAko biek eta Aralarreko bakarrak eman zuten ontzat atentatua «gaitzetsi» eta ETAri «indarkeriaren bidea behin betiko utz dezala», exijitzen dion testua.

Bozketaren ostean, aretoa betetzen zutenen artean herritar batek, ahots goran, Inazio Uriari txaloak eskaintzeko eskatu zuen, eta hainbat herritar eta kanpotik etorritako politikari guztiak jarraitu zioten, bilkurari amaiera emanez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo