800 kirolari Euskal Herriko selekzioaren alde
Azaroaren 13an «Euskal Herria» izenarekin eta, beraz, Euskal Herriaren izenean jokatuko duen euskal selekzioaren alde agertu ziren 165 futbolari eta futbolari ohiak ez dira «lau katu», Euskadiko Futbol Federazioak eta jokalariek selekzioa «Euskal Herria» izendatzea adostu zutenean politikariren batek esan ez bezala. Hala ere, akordio hura Federazioak hautsi bazuen ere, futbolarien agiriari emandako erantzuna kirolari horiek ildo politiko jakin batekin lotzea izan zen, Estatu espainoleko aparatuek kriminalizatutako sektorearekin, hain zuzen. Agiriaren sinatzaileen artean sentsibilitate politiko askotarikoak dira, zalantzarik gabe, baina ezin hobeto jaso zuten denek ere euskal gizartearen sentsibilitatea kirol selekzioei dagokienez, eta eurak dira sentsibilitate horren ordezkaririk egokienak. Eurak eta gainerako euskal kirolariak. Hain zuzen, beste 800etik gora «katuk» bat egin dute futbolarien agiriarekin, Euskal Herriko kirolari guztiak bilduko dituzten selekzioek nazioarteko txapelketetan parte hartzeko aukera izan behar dutela berretsiz. Ez dirudi muturreko jarrera kirolariek beren herria ordezkatzeko aukera eskatzea. Hartarako, ofizialtasuna dute helburu, eta hura lortzeko egindako urratsak ez desegiteko eskatu dute. Federazioek ondo pentsatu beharko lukete bidea kirolariak deskalifikatzea ala indarrak batzea den.