GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Euskararen aldeko lana ezin dela egun bakarrera mugatu ohartarazi du EHEk

Makina bat herritan egin ziren atzo euskararen aldeko ekimenak. Euskararen Nazioarteko Egunean, ospakizunetarako baino, borrokan aritzeko oraindik arrazoi gehiago dagoela uste du Euskal Herrian Euskaraz-ek eta, agintarien hitzetatik jarreretara dagoen aldea salatu zuten.

p016_f02_111x111.jpg

GARA |

Euskararen Nazioarteko Egunaren karietara, makina bat ekimen eta ekitaldi izan ziren atzo bai Euskal Herrian bai bere mugetatik kanpo, Bartzelonako Euskal Etxean kasu. Udaletxeetan, ikastetxeetan... Gasteizen, Lehendakaritzan, esate baterako, Ukan sariak banatu zituzten. Lakuako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskararen sustapenaren, zabalkundearen eta normalizazioaren alde lanean diharduten elkarte eta erakundeak saritu nahi izan zituen gisa horretan. Aurten, Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteak jaso du saria. Halaber, Eroski taldearen, Ikearea enpresaren eta Microsoften lanari aipamen berezia egin zion epaimahaiak.

Horren aurrean, Euskararen Eguna egun bakar batera ezin dela mugatu aldarrikatu zuen Euskal Herrian Euskaraz (EHE) herri mugimenduak, ekitaldiaren atarian egindako elkarretaratzean. Beraien iritziz, euskararen alde egiteko ezinbestekoa da auzolana eta indar metaketa.

Euskararen egoera gaitza dela gogora ekarri zuen EHEk: «Bizi den zanpaketa egoera etengabea da; ezinbestean, aurten 30 urte betetzen dituen Konstituzio espainolaren eta Konstituzio frantsesaren menpe egotera kondenatzen dute euskara», salatu zuen. Hein horretan, instituzioetako arduradunen jarrera salatu zuten. «Egoeraren gordintasunean sakondu besterik ez dute egiten aurrera eramaten dituzten politika suntsitzaile eta baztertzaileekin».

Beraien ustetan, «sektore erdaltzaleak batzeko ideiaren grinak lehentasun handiagoa du eurentzat, euskararen normalizazioan eragingo duten balizko neurrien gainetik». Adibidetzat jo zuten, zentzu honetan, Lakuako Hezkuntza Departamentuak hizkuntza ereduen gainean egindako proposamena eta kritikatu zuten hau «euskal komunitatearen aurka egiten den beste eraso bat» dela.

Horretaz gain, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira egin ziren ekimenen artean nabarmentzekoa da Deustuko Unibertsitatean Gotzon Garateri egin zioten omenaldia. Pasa den urrian zendutako euskal idazle eta filologo elgoibartarraren ibilbidea eta hark egindako ekarpenak goraipatu nahi izan zituzten modu honetan. Bilboko Udalean bestalde, aurten 90 urte bete dituen Euskaltzaindiaren lana aintzat hartu eta ezagutarazi nahi izan zuten.

estatus aldaketa

EHEren iritziz, euskarak beharrezkoa du estatus aldaketa, «hizkuntzen egoera piramidalean beheko postutik irten eta benetako ofizialtasuna aitortuko diona».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo