GARA > Idatzia > > Kultura

KRONIKA «Sukalde kontuak» filmaren errodajea

Lapiko eta sukaldari arteko jokoan buru-belarri dabil aizpea goenaga

Sukalde kontuetan buru-belarri dabil Aizpea Goenaga bere lehenengo film luzearen errodajean, baina sukaldean aritzeko ohitura handirik ez duela aitortu zuen. Euskaraz grabatzen ari diren lanaren erdia atzoko saioan amaitu zuen taldeak eta zuzendariak lapikoa bor-bor dauka azken ukituak eman eta maiatzaren 8an jendaurrean aurkezteko.

p040_f01_199x104.jpg

Ariane KAMIO

Pasa den azaroaren 17an egin zuen bere lehenengo jauzia Aizpea Goenagak kameraren atzean zuzendari gisa jarduteko lanari. Antzerkian, telebistan eta zineman aski ezaguna bada ere, «Sukalde kontuak» da bere aitzineko lana eta lehen lankide zirenei aginduak ematen dihardu. Sukalde kontuetan oso iaioa ez bada ere, saltsan aritzea gustuko du, eta su geldoa darabil azken emaitza ahalik eta gustagarrien eta erakargarriena izan dadin.

Kazetarien lana errazteko edo, arratsaldeko saioa Internet bidez ikusteko aukera izan zuen edonork www.sukaldekontuak.com webgunearen bitartez, baita ondoren eskaini zuten «prentsaurreko informalaren» zuzeneko konexioa ere. Grabaketarako erabiltzen duten logela batean inprobisatu zuten agertokia eta bata bestearen ondoan eserita erantzun zituzten aktore eta zuzendariak kuxkuxeroen galderak.

«Sukalde kontuak», izenburuak argi asko esaten duen bezala, sukaldaritza eskola batean girotzen da istorioa. Belaunaldi eta izaera desberdinetako ikasleak biltzen dira bertan: belaunaldi zaharrenekoak alzheimerra du eta bere iragana ahazten ari da pixkanaka-pixkanaka; erdikoak bi munduen artean bizi dira eta egokitze lanak egiten dituzte; eta gazteenak biziraupenean oinarritzen dira. Egun batean altxor bat aurkitzen dute eta hortik abiatzen da istorio ero horren nahaspila. Egitasmo horretan barneratzeko ideia Donostiako sukaldaritza eskola batetik otu zitzaion. «Badirudi sukaldariak ondo uniformatuak, txukunak eta zuzenak direla, baina eskola hartatik pasatzen nintzenean bertako ikasleak ikusten nituen, kanpoan, txamarra gainetik jantzita eta zigarroa erretzen». Kontakizunaren atzean «bizitzan benetan gertatzen diren gauzen isla dago», azaldu zuen Goenagak, hots, «errealitatearen ispilu egokia dela pentsatu nuen, gizartearen mikromundu bat sortzen delako».

Antzezle taldea

Filmean sortzen duen «mikromundu» hori askotariko aktoreak antzezten jarrita lortzen saiatzen ari da Goenagak. Aktore beteranoak baditu; horien artean daude Isidoro Fernandez (Juantxo), Mikel Losada (Piras) edo Galder Perez (Gaston). Baina gazteagoekin ere ausartu da bere lehenengo bizipen horretan eta Aitziber Garmendiak (Ikerne), Barbara Goenagak (Estefania) eta Lander Otaolak (Xalba) osatzen dute aktoreen zerrenda. Etorkinei ere beren lekua eskaintzen die. Hortaz, Roberto Alonso (Alberto) perutarrak eta beste bi antzezle kubatar eta kolonbiarrek ere parte hartzen dute bertan, hori bai, guztiek euskaraz.

Eta zergatik euskaraz? «Iruditzen zait istorio bat hizkuntza jakin batean kontatzen duzunean markatu egiten duela, kolore berezi bat ematen diola. Hau historia unibertsala da eta euskaraz egitea interesatzen zitzaidan», esan zuen.

Bera kameraren atzean dela egindako lehen film luzea den arren, zuzendaritzara emandako jauziaren aurrean taldekideen aldetik jasotako babesa eskertu zuen. Azken egunetan eguraldia ez dute lagun izan eta, gainera, kanpoaldeko grabaketak egitea egokitu zaie. Nahikoa sufritu dutela aitortu zuen Goenagak, baita batean baino gehiagotan blai eginda amaitu izana ere.

Prentsaurreko osoa barre artean igarota, kuxkuxero horietako baten galdera maltzurra iritsi zen: Noiz estreinatuko da pelikula? Maiatzaren 8an. Aktoreen isiltasuna eta, era berean, harridura ekarri zuen berri hark. Aho zabalik geratu ziren denak eta egora horretan pintxo eder bat ahoan sartzea hoberena, sukaldean aritzea baino.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo