GARA > Idatzia > Kultura > Zinema

Ordulari magikoaren bila

«Olentzero eta oparien ordua»

GARA | DONOSTIA

Gorka Sesmaren lana da «Olentzero eta oparien ordua» filma, animaziozko trilogiaren hirugarren zatia. Aurretik zinemaren mundua ongi ezagutzen badu ere, donostiarrak zuzendari gisa egiten duen lehen film luzea da honakoa. Hainbat proiektuetako animatzaile, kamera eta arduraduna izan da, hala nola Olentzeroren aurreko filmean, «Olentzero eta subilaren lapurreta» izenekoan. Ikazkinaren istorio hori, hogeita bost herrialdetan ikusteko aukera izan dute jada, Arabiar Emirerri Batuetan, Argentinan eta Errusian, besteak beste.

Film horretan negozio gizon gaizto batek Olentzeroren subila lapurtzen zuen, eta, honakoan, berriz, atzerritar bat izango da Gabonetako pertsonaiaren buruhausteen errudun. McLondon, legetik ihes dabilen banku-lapurrak gidatzen duen aireplanoak Olentzeroren etxearen aurka joko du eta ikazkinak bere sekretua arriskuan dagoela sumatuko du. Gainera, bere tresnarik preziatuena desagertu dela ohartuko da: ordulari magikoa. Gertakariaren ostean, Olentzerok nola geldituko du, bada, denbora, gau osoan etxe guztietara ailegatu ahal izateko?

Barton Filmsek banatutako filma da eta euskarazko bertsioaz gain, katalanez eta gailegoz ere estreinatuko dute. Bestalde, Baleuko ekoiztetxe bizkaitarraren lana hogei hilabetetan egin dute, produkzio aurrekoak 2007ko maiatzaren 1ean hasi eta 2008ko urriaren 27an bukatu baitzen. Animazio prozesuak, berriz, zazpi hilabeteko iraupena izan zuen, eta argiztatzearenak, seikoa.

Joan den azaroaren 8an Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean lehenbizikoz eskaini zuten «Olentzero eta oparien ordua», euskarazko azpitituluak dituzten bederatzi film luzerekin batera. Gaurtik aurrera, zinema aretoetan egongo da ikusgai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo