GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Korrika bi egunez ibiliko da Ipar Euskal Herriko bideetan

Tuteratik Gasteizeraino eginen duen 2.000 kilometroko ibilbidean, 16. Korrika Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herrialdeak bi egunez zeharkatuko ditu. Martxoaren 26tik apirilaren 5era bitartean Korrikak zabalduko duen ongi etorri mezuaren berri eman zuten atzo antolatzaileek Baionan. Ibilaldiarekin batera, Eguberri aitzinerako antolatu dituzten bi hitzorduen berri eman zuten. Horien artean, Biarrizko Athabalen eginen den desfilea aipatu zuten.

p018_f02.jpg

Ainize BUTRON |

Baionan egin zen, atzo, martxoaren 26tik apirilaren 5era Euskal Herria osoan ibiliko den 16. Korrikaren aurkezpena. Martxoaren 29an Santiago Zubia zeharkatuz Hendaiatik muga igaro ondoren, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan barrena ibiliko da Korrika, martxoaren 30an, Lizuniagako lepotik, berriz ere, Nafarroara itzuli arte. Bi egun eskas eginen ditu Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan.

Edurne Brouard ekitaldiaren antolatzaileak eta Maider Hegi AEK-ko ordezkariak hartu zuten hitza, eta aurretik Bilbon egindako aurkezpen ofizialaren ildotik, aurtengo «Ongi etorri!» lelo nagusiaren berri eman zuten. «Euskaltzaleei, euskalgintzan dabiltzan guztiei, euskaldunei, euskaldundu nahi dutenei, euskararen berreskurapenean lagundu behar duten erakundeei, bertokoei edota kanpokoei, euskaraz bizi nahi dugunon herrira ongietorria egingo diegu», zabaldu zuten. Eta, 16. Korrikan euskara ikasi eta gero transmisioa bermatu duten familia guztiei, baita euskara galdu eta berrikasiz transmisioa ahalbidetu duten familia guztiei ere omenaldi xume bat eskainiko zietela gogora ekarri zuten.

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoari dagokionez, Korrika Kulturala otsailean hastekotan bada ere, Eguberri aitzin izanen diren bi hitzordu iragarri zituzten. Abenduaren 11n, Biarrizko Athabal gelan Korrikaren jantzien desfilea eginen da. Arratseko zazpietatik goiti, lekuko jende ospetsua -kirolariak, esate baterako- eta AEK-ko irakasle eta ikasleek desfilatuko dute. Gaualdia alaitzeko, DJ eta trikitilariak ere izanen dira bertan. Abenduaren 13tik 24ra, berriz, Elkar megadendan jantzien merkatua izanen da.

Korrika Kulturalaren egitaraua otsaila bitartean zehaztuko dutela azaldu zuten. Korrikarekin batera, Korrika Laguntzaileen kanpaina abian dela ere jakinarazi zuen Brouardek. Azkenik, Korrikako antolatzaileak atzoko agerraldia baliatu zuen zendutako Mikel Laboa «handiari» aipamen berezi bat egiteko. Korrikarentzat Laboak egindako abestiaren «arr, err, irr, orr, urr ...» pasartea gogora ekarri zuen, «Mikel Laboa, Korrikarekin betiko» esanez ondotik.

Testua.

Ospetsuak

Abenduaren 11n Biarrizko Athabal gelan eginen den desfilean, AEK-ko ikasle eta irakasleekin batera, lekuko pertsona ospetsuak agertuko dira Korrikaren jantziak erakusteko.

LAboa

Edurne Brouard antolatzaileak Mikel Laboa «handia» omenduz bukatu zuen hitz hartzea. Eta, Korrikarentzat Laboak egindako abestiaren «arr, err, irr, orr, urr...» pasartea gogora ekarri zuen, «Mikel Laboa, Korrikarekin betiko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo