Lau eta erdiko finalaren atarian
Material aukeraketa baino, pilotalekua hizpide
Argi esan nahi izan ez bazuen ere, Juan Martinez de Irujok nahiago luke finala, azken urteetan egin den bezala, aurten ere Gasteizko Ogetan jokatuko balitz.
Jon ORMAZABAL | DONOSTIA
Polemika eta kritika handirik egon ez zen arren, pilotari bakoitzak aukeratutako pilotak baino, finala jokatzeko Donostiako Atano III.a hautatu izana izan zen mintzagai atzo materiala aukeratzeko saioan. Pilotei dagokienez, bi aurrelariek, espero bezala, Punparen pilotak aukeratu zituzten: Aimarrek pilota motelagoak (105,4 eta 104,4 gramokoak) eta Martinez de Irujok biziagoak (105,9 eta 105,4). Goizuetakoari Iberokoaren bat biziegia, eta alderantziz, Aspekoari Asegarcekoaren bat motelegia iruditu arren, biak gustura agertu ziren hautatutako pilotekin.
Juan Mari Juaristik aurkeztutako sortarekin ados agertu ziren beraz; Atano III.ak baina, utzi zuen polemikarako zirrikitu bat. Azken egunotan berogailua martxan jarri dutenez, ez dirudi hezetasunarekin arazorik egongo denik, baina argi esaten ausartu ez ziren arren, Juan Martinez de Irujori nolabaiteko haserrea nabari zaio partida Donostian jokatu beharragatik, azken urteetan bezala, Gasteizko Ogetan jokatu beharrean.
Gauza da, Martinez de Irujok ohikoa duen eraso jokorako Gasteizko pilotalekuak mesede egiten diola eta ez dagoela oso pozik Atano III.ean jokatu beharrarekin, nahiz eta Anoetako pilotalekuaren aurka ez izan. Zenbakiek gainera, arrazoia ematen diote Iberokoari; Gasteizen elkarren aurka jokatutako sei partidetan, bi binaka eta lau buruz buru -2 lau eta erdian eta bi kantxa osoan-, Iberokoa atera da garaile, hauetariko hirutan gainera, Goizuetakoa hamar tantora iritsi gabe.
Gai horren inguruan galdetuta, Martinez de Irujok ez zuen azalpen handirik eman nahi izan, baina lerroartean mezu bat baino gehiago utzi zuen. «Aldea erabatekoa da, Donostian, Gasteizen, Iruñean edo Eibarren jokatzea oso desberdina da, ez daude bi frontoi berdin. Donostian jarri dute eta bertan jokatuko dugu. Ogetan frontisa Donostian baino azkarragoa da eta dominatzen duenak eta jokoan aurrea hartzen duenak errazago egiten du. Ogetan zailagoa da sakeak eta moztutako pilotak eramatea».
Aimarrentzat, antzekoak
Aspekoa baino lehenago irten zen prentsaurrekora Aimar Olaizola, baina berak ere ondo daki frontoiaren inguruan eztabaida dezente dagoela kalean. «Gasteizen zein Donostian sekula jokatu ez duen jendea da horri buruz gehien hitz egiten ari dena, pilotan sekula aritu gabekoak. Pilotariok beti esan ohi dugu bi pilotalekuak onentsuenetakoak direla, bi frontoi exigente dira eta ez da horrenbeste aldatzen. Ogetan nik uste dut atzeko koadroetan dagoela alde handiena, zazpigarrenean, zortzigarrenean, baina lau eta erdian jokatzeko antzekoak iruditzen zaizkit».
Gainerakoan, kantxan bezala, pilotalekuetatik kanpo ere oso pilotari desberdinak direla erakutsi zuten Aimar Olaizolak eta Juan Martinez de Irujok, askoz ere patxadatsua eta zuhurragoa Goizuetakoa eta askoz ere zuzen eta biziagoa Iberokoa.
Olaizola II.aren eskuin besoa hizpide izan da txapelketa osoan, baina aurrelariak alde batera utzi nahi ditu txapelketa hasieran izan zituen zalantzak. «Garbi dagoena da, gaizki egongo banintz ez nintzatekeela finalean egongo. Finalean nago eta ondo jokatuz gero, aukerak izango ditut», azaldu zuen.
Finalean nola jokatzeko asmoa duten galdetuta, bat etorri ziren, hori aurretik zehaztea oso zaila dela azaldu baitzuten biek; hori bai bakoitzak bere estiloari eutsiko dio. Aimarrek, ohi bezala, tantoak luzatu nahi lituzke, eta Martinez de Irujok senak gidatuta jokatu nahi du. Aurreko partidetan bezala, lehen sakera airez sartuko ote den galdetuta, Iberokoak argi utzi zuen bere estrategia, «ez dizuet aurretik dena kontatuko. Etorri eta haize horrek jotzen badit hala egingo dut, ez dut arazorik, horrela bera ez da lasai joango sakera. Nik inpultsuka jokatzen dut, pilotari ausarta naiz eta arrisku horiek sarri emaitza onak ematen dizkidate. Hori bai, haizeak onerako jotzen dit batzuetan».
Gasteizen elkarren aurka jokatu duten sei partidetan -bi binaka eta beste lau buruz buru (bi kantxa osoan eta beste biak lau eta erdian)- Juan Martinez de Irujo izan da garaile. Atanon aldiz, jokatutako lau partidetatik (bitan binaka eta beste bitan banaka) hirutan Goizuetakoak irabazi du.
«Gasteizen eta Donostian sekula jokatu ez dutenek hitz egin dute gehien horri buruz, pilotan sekula aritu ez direnek. Nire ustez, lau eta erdian jokatzeko antzerako pilotalekuak dira biak. Gasteizen zazpigarren eta zortzigarren koadroan nabarmentzen da aldea».