GARA > Idatzia > > Kultura

«Gauzak oso goiz egin ditut, eta izugarri mingarria izan da»

Ion OLANO CARLOS

Ibilian-ibilian, bide ugari urratu izan ditu: poema pornografikoak idazten hasi zen, poesia diskoak editatzen, telefono bidezko errezitaldiak egiten, Andy Warholen lehen filmeko protagonista izan zen; William Burroughs-en, Roy Lichtenstein-en edo Jasper Johns-en lagun mina... John Giornoren izena ez da oso ezaguna. Berak zabaldu zituen bideek, ordea, oraindik hortxe diraute.

Has gaitezen amaieratik. Bartzelonan izan zara berriki, Kosmopolis jaialdian, besteak beste, Spoken Word eta tradizio modernoari buruz hitz egiten. Uste al duzu garai berriek neurri berriak eskatzen dituztela, alegia, poesiak biziberritzeko forma berriak behar dituela?

Poesia beti izan da unean unekoa. Galdetzen duzunean ea forma berriak behar dituen, sakonean dagoen galdera hauxe da: «zer da poesia?». Bada, poesia jakituria da. Eta jakituria etengabe ari da sortzen, denboraren hastapenetik, duela hogei mila milioi urtetik hona. Bestalde, poesia forma berriei dagokienez, dela permormancea, dela hip-hop, dela poesia experimentala edo soinu-poesia... hainbat garatu dira azken berrogeita hamar urteotan. Baina hori ez da harritzekoa, izan ere etengabe gertatzen ari den zerbait da.

Iaz ere Bartzelonan izan zinen, Antonello Farettak zuzendutako «Nine Poems In Basilicata» filma aurkezten. Nolako bizipena izan zen film hartan parte hartzea?

Lanerako pertsona erraza naiz ni. Izan ere, ez naiz zine zuzendaria, eta zinemaz oso gutxi dakit (kar-kar). Poemak idatzi, eta haiek antzeztu, huraxe izan zen nire lana. Zuzendari itzela da Antonello, eta niretzat pozgarria izan da filmak halako arrakasta eduki izana. Izan ere, «Just Say No To Family Values» (Esan ezetz familiaren baloreei) poemak lehenengo saria jaso zuen Berlingo Zebra Poesia Zinema Jaialdian, duela bi urte. Sari horren ondorioz, noranahi zabaldu da filma, YouTubera eta beste.

Tibetar budista zaitugu, Myingma tradiziokoa, eta bide horretan praktikatzen duzu meditazioa. Kontzientzia erlijiosoak laguntzen al du arte sorkuntzan?

Poesia LPak egiten hasi nintzenean, inortxok ere ez zuen horrelakorik egiten. Niretzat zera izan da, bide berriak urratzearen eztena bezala. Garai hartan normal-normala zen etxeko egongelan rock and roll LPak entzutea, beraz, ideiaren genesia oso sinplea izan zen berez: LPen edukia aldatuz, etxeko egongelan poesia entzuteko aukera ematea. Giorno Poetry Systems 1965an sortu genuen, eta garai hartan fenomeno berria izan zen, beharrezkoa ikusten nuen halako zerbait egitea. 1993an utzi genion poesia diskoak egiteari, «Cash Cow» izan zen azkena. Ordurako, mundua itxuraldaturik zegoen erabat. 90eko hamarkada heldu zenerako barra-barra egiten ziren poesia CDak.

Patti Smith, Sonic Youth, Frank Zappa, Tom Waits, Nick Cave... musikari ugarik hartu dute parte zuen diskoetan.

Horrela aipatuta, rock izar handiak dirudite horiek denek. Musika lantzen egin dira ezagun, baina LP horietan poeta gisa hartu zuten parte. Nik badaukat teoria bat, alegia, rock izar kontsideratzen ditugun gehienak pertsona arruntak direla, eta horietako batzuk poeta onak. Sonic Youth taldeko Thurston Moore, esate baterako, famatu egin aurretik ezagutu nuen. Ez zeukan txakur txikirik ere, eta han esertzen zen, Lexton eta 11. etorbidearen artean, kalean sagarrak saltzen.

Azken diskoetariko bat izan zen «The Best of William Burroughs». Bera hain gertukoa izanik, nolakoa izan zen apailatze lana?

Williamen onenak biltzeari ekin nionean, ez nekien lan horri hainbeste urte emango nizkionik. Izan ere, LP asko egin genituen Williamek eta biok, urte asko eman genituen elkarrekin harat-honat. Grabaketa bakoitzean bere lanik berriena irakurri ohi zuen. «The Mummy Piece», esate baterako. Poema hartu eta antzeztu egiten zuen, behin eta berriro, beti saiatzen zen egindakoa hobetzen. Williamen onenak biltzen hasi nintzenean, bariazio haiek denak entzun nituen berriro, adibiderik garbienak topatze aldera. Hainbat urte eman nituen bilduma hura burura eramateko, eta azkenik 1997ko azkenetan atera zen argitara, William hil eta hilabete gutxira.

Dial-a-poem, telefono bidezko errezitaldia, birritan antolatu zenuen. Lehenengoan sexua eta bigarrenean politika izan ziren gai nagusiak.

Gaur egunetik ikusita, ematen du 60ko hamarkadan dena izan zela droga alaiak, flower power, maitasuna, mundu guztia zopatuta eta ondo pasatzen.... Baina benetan, 1960ko errealitatea arras diferentea izan zen. Oso hamarkada konplikatua, inondik ere. Drogen esperientzia, esate baterako, zinez garrantzitsua da pertsonaren bizitzan, baina dena ez da zopatuta ibili eta ongi pasatzea. Hor zegoen Vietnamgo Gerra, bestelako arazo politikoak. Bestalde, hor geneukan sexuaren kontua. 1964an, poema pornografiko bat idatzi nuenean, oso ekintza erradikala izan zen. Artean inork ez zuen halakorik idazten. Pentsa, William Burroughs auzipeturik zegoen «The Naked Lunch» liburuaren kontura. AEBetan legez kanpokoa zen liburu horren kopia bat erostea.

Nik pornografia azaldu nahi izan nuen bere esentzian, hots, irudi eder eta itzel gisa. Baina gauzak lehen aldiz egiten direnean, oso mingarria izaten da. Izan ere, ez dakizu zertan ari zaren. Kale erdian itsu-itsuan trafikoaren kontra ibiltzea bezalakoa da, eta orduan zorionekoa zara auto batek jotzen ez bazaitu. Hasieran ez dakizu zertan ari zaren, eta bat-batean, zenbait urte geroago pornografia ez da ezer. Hartu eta bota egin dezakezu, hain da arrunta. Uste dut hori izan dela ene bizitzaren historia: gauzak oso goiz egin ditut, eta izugarri mingarria izan da, baina ia inor ez da horretaz ohartu.

Goazen orain 1963ra. Andy Warholen «Sleep» film esperimentalean protagonista izan zara. Nolako esperientzia izan zen?

Oso goiztiarra. Nire inguruko jende guztia artean oso gaztea zen, eta Andy ere ez zen sobera ezaguna. 1962an eta 1963an hasiberri bat baino ez zen, garai hartan nik ez nuen ideia zipitzik ere Andy mendeko margolari garrantzitsuenetako bat izango zenik. Halako naturaltasunez esaten nion Andyri: «Film bat egin behar duk». Garai hartan ez zen batere erraza, jakina, ez zegoen kamera digitalik. 1962an, Underground Zinema deituriko mugimendua garatzen hasi zen New Yorken, «The Collapso» filmarekin esate baterako, edo Ron Rice-n tankerako zinemagile gazteekin. Andyk hori ikusi zuen, eta konturatu zen gauza garrantzitsua zela. Erosi zuen kamerak bi minutuko pelikula baino ez zituen filmatzen, gainera hogei segundoro birbobinatu egin behar zen. Aste batzuk eman genituen «Sleep» filmatzen, oso prozesu konplexua izan zen. Muntaian, Erik Satieren «Vexations» pieza erabili, eta Rosenkrautzen errepika-teknika berezia erabili zuen Andyk.

Margolariekin ez ezik, New Yorkeko poetekin ere izan duzu harremana.

Hala da, bai. Nire lagun handiak izan ziren beste poeta batzuk, baina nire poesiak ez zuen haiengandik ia babesik jaso. Frank O'Harak eta John Ashberyk, esate baterako, haiek bezala idazten zuen jendeari soilik eskaintzen zioten arreta, hau da, New Yorkeko Poesia Eskolak bezala idazten zutenei. Denok ginen gay, haiek gustuko ninduten gay nintzen heinean, baina nire poesia ez zitzaien ardura. Zero. Bestalde, Allen Ginsbergekin ere antzeko zerbait gertatzen zen. Gizon gaztea nintzen ni, baina ez nuen berak bezala idazten, hortaz, lagunak ginen, baina ez zuen interesik nire lanarekin. Haiek denak lagun handiak ziren eta izen handiak zituzten, baina poeta gisa halako desenkantua jaso nuen haiengandik, ez ziotelako inolako babesik eman nire poesiari. Orduan esan nuen neure baitarako: «Joan daitezela elkar izorratzera!».

Amaitzeko, jo dezagun hasierara. Hamalau urte dituzu, poesia idazten hasi zara. Zer-nolako sentipena da?

1950 aldera izan zen. Poesia lantzen ari ginen eskolan, ia-ia Erdi Aroan bezala. Halako batean, irakasleak esan zigun etxeko-lan gisa poema bat idatzi behar genuela. Harri eta zur gelditu ginen denok. Etxera joan eta poema bat idatzi nuen. Konplikatua zen, borroka moduko bat. Esperientzia gogorra zen, urduri nengoen, ez bainekien zertan ari nintzen ere. Baina sentsazio hura maite nuen. Handik egun batzuetara, irakasleak poemen arteko hiru irakurri zituen eskolan, eta nirea izan zen hirugarrena. Oso pozgarria zen, eta pentsatu nuen jarraitu nahi nuela, poema gehiago idatzi nahi nituela. Hala idatzi nuen poema negargarri mordoa, ia denak galdu dira. Gero institutura joan nintzen, eta han ezagutu nuen literatura aldizkarietan zebilen jendea. Ni baino jende zaharragoa, intelektualki garatuagoa. Mundu horri lotu nintzaion, hala jo du aurrera nire bizitzak, eta beti sentitu izan naiz poeten arteko bat.

mugalari501

poesia lp-etan

«Poesia LPak egiten hasi nintzenean, inork ez zuen horrelakorik egiten. Ideiaren genesia oso sinplea izan zen: LPen edukia aldatuz, etxean poesia entzuteko aukera ematea»

burroughs

«Hainbat urte eman nituen «The Best of William Burroughs» bilduma burutzeko, eta azkenik 1997ko azkenetan atera zen argitara, William hil eta hilabete gutxira»

pornografia

«60ko hamarkadan, nik pornografia azaldu nahi izan nuen bere esentzian, hots, irudi eder eta itzel gisa. Baina gauzak lehen aldiz egiten direnean, ez dakizu zertan ari zaren»

«Gazte garaian, beste arteen aldean 75 urteko atzerapena zuen poesiak»

Warholez gain, Roy Lichtenstein, Jasper Johns, Bob Rauschenberg eta abar, zure lagun minak ziren. Nonbait esana duzu zure inspirazio iturriak izan zirela.

Orain ematen du izen handiak direla horiek denak, baina garai hartan inork ez zituen ezagutzen. Kontua da oso gaztea nintzela, hogeita gehiago urte izango nituen, jende hori ezagutu nuenean. Apurka, denak bihurtu ziren nire lagun min, horietako batzuk maitaleak, baina lagunak funtsean. Orduan ezagutu nituen haien lan prozedurak, eta liluratuta gelditzen nintzen. Garai hartan konturatu nintzen beste arteen aldean 75 urteko atzerapena zuela poesiak. Esan nahi dut, pintura, eskultura, dantza, horiek denak izugarrizko aurrerapausoak egiten ari ziren, eta hantxe zegoen poesia, hemeretzigarren mendean eserita.

Artista gazte haiek izan ziren niretzat inspirazio iturri bizia. Neure buruari esaten nion: «haiek egiten badute, nik zergatik ez? haiek pinturarekin egiten badute, nik zergatik ez poesiarekin?». Prozedura sinplea da: ideia gogoan sortzen den heinean, hura gauzatzean datza lana. Ongi badabil, aurrera. Eta ez badabil, ikusi beharko da zergatik ez dabilen ongi. Printzipio moduko hau lotu nuen poesiarekin, eta horretan pasa dut nire bizitza osoa. I.O.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo