Azpeitiko atentatuaren ondoren
Hamaika mobilizazio izan da Inazio Uriaren heriotza salatzeko
GARA | GASTEIZ
Hainbat herritar, eta ordezkari politiko eta instituzional ugari, kalera atera zen atzo Inazio Uria enpresaburuaren kontrako ETAren atentatua salatzeko. Euskal Herrian, baita hemendik kanpo ere, hamaika mobilizazio izan ziren. Garrantzitsuena eguerdi partean Azpeitiko herriko plazan egindakoa izan zen. Bertan, ehunka lagunek elkarretaratzea egin zuten asteazkeneko tiroketa gaitzesteko. Uriaren anai-arrebekin eta zenbait ilobekin batera, han izan ziren, besteren artean, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, eta EAJ, PSE, PP, EA eta EB alderdietako buruak, hurrenez hurren, Iñigo Urkullu, Patxi Lopez, Antonio Basagoiti, Unai Ziarreta eta Javier Madrazo. Azpeitian izan zen, baita ere, Miguel Lazpiur enpresarien burua eta beste hainbat arduradun politiko.
Ordu berean, EUDELek deituta, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaletxeen aurrean elkarretaratzeak egin zituzten, baita Iruñekoan ere. Lakuako Gobernuaren egoitzaren aurrean, Idoia Zenarrutzabeitia lehendakariordea eta hainbat sailburu bildu ziren, eta Gasteizko Parlamentuan, kanpoaldean, ohi legez, elkarretaratzea egin zuten Izaskun Bilbao Ganberako lehendakaria buru zutela.
Estatu espainoleko beste hainbat hiri nagusitan ere, Madrilen kasu, elkarretaratzeak egin zituzten, batez ere instituzioetako kanpoaldean, eta Bruselako Schuman plazan ehun bat lagun bildu ziren, gehienak diputatu espainolak.
LABen konpromisoa
Elkarretaratze horiek guztiak baino pixka bat lehenago, 10.15ean, ELAk deituta elkarretaratzea egin zuten lagun ugarik Altuna y Uria enpresaren egoitzaren aurrean. Enpresa honetako langile askorekin batera, sindikatuko idazkari nagusi Adolfo Muñoz izan zen.
Altuna y Uria enpresako LABek, bestalde, prentsa oharra igorri zuen, haren bidez Uriaren senideei elkartasuna helarazten diela. Ohar horretan, enpresako eta Euskal Herriko langileriari zuzenduta, dioenez, «Euskal Herrian ditugun arazo eta gatazkak bideratzeko eta konpontzeko ezintasunaren ondoriorik larrienak atzera bueltarik ez duten egoerak dira». «Gaurkoan ere, zoritxarrez, horrelakoa da kezkaz eta saminez bizi duguna», gaineratzen du oharrak, aipatuz «Ignacio Uriarekin, gainontzeko enpresaburuekin bezalaxe, askotan interes ezberdinek aurrez aurre jarri izan bagaituzte ere, gaurkoa guztiontzat da egun tristea».
Horregatik, LABeko kideek adierazi dute «guztioi dagokigula» egoera hau gainditzeko ardura. «LABetik, gertakari hauek atzean utziko dituen etorkizunaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa berresten dugu; bakea ekarriko duen eszena demokratikoaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa, Euskal Herriak horrela behar duelako».
Tenore desberdineko idazkia onartu zuten, aho batez, Nafarroako Parlamentuko talde politikoek. ETAri «hiltzeari utzi eta armak entregatzeko» eskatzen diote UPN, NaBai, PSN, IUN eta CDNk, eta «alderdi demokratikoen batasuna» eta indar polizialen eta epaileen lana lehenesten dute erakunde armatuari aurre egiteko.
Lagun ugari izan zen Uriaren hil-kaperan. Besteren artean, Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente espainiarra, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroa eta Mariano Rajoy PPko burua izan ziren goizean Azpeitian.
Azpeitiko herriko plazan egindako elkarretaratzean, eguerdian, hildako enpresaburuaren anai-arrebak eta hainbat iloba izan ziren, eta agintari politikoen eta hainbat auzokideren babesa jaso zuten.
Inazio Uriaren aldeko hileta elizkizunak gaur arratsaldean egingo dituzte, Azpeitian bertan. Honen ostean, Lakuako Gobernuak eta patronalak deituta, manifestazio batek Gipuzkoako herri honetako kale nagusiak zeharkatuko ditu, Perez Arregi plazatik abiatuta. Manifestazioaren bukaera herriko plazan izango da, eta espero da hainbat ordezkari politiko eta instituzioetako buru biltzea bertan.
Beste alde batetik, eta ETAk ekintza armatu baten bitartez heriotzaren bat eragiten duen bakoitzean gertatu ohi den bezala, Gasteizko Parlamentuak lore eskaintza antolatu du gaurko, Ganberan bertan, erakunde armatuaren biktimak omentzeko ezarrita dagoen monumentuan.
Eguerdian izango da ekitaldia, eta Parlamentuko Osoko Bilkura eten egingo da burutu ahal izateko. Uriaren omenezko lore eskaintzarekin batera, adierazpen instituzionalen bat irakurriko dutela iragarri zuen atzo Parlamentuak, hedabideetara igorritako ohar baten bitartez.
GARA