GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute HIRU sindikatuko komunikazio arduraduna

Suizidatu zaitezte!

Kostuen azpitik lan egiten duen garraiolaria, bere burua eta sektorea porrotera eramaten duen garraiolaria da. Oso argiak diruditen hitz horiek horren nabariak izateari utziko diote laster, EAEko Lehiaren Defentsarako Zerbitzuari eta Auzitegiari esker edo, labur esanda, Eusko Jaurlaritzari esker. Hemendik aurrera, halako adierazpenak egitea debekatuta dago, edo hobe esanda, 500.000 eta 10 milioi euro arteko isunari lotuta daude. Lehiaren Defentsarako Euskal Zerbitzuak dioenaren arabera, aipatutakoa esatea «lege urratze hardcore»a da, hots, Yalen edo Harvarden ikasi ez dugunontzat, «egundoko lege urratzea» da. Beraz, ea nor ausartzen den orain halakoak esatera. Hemendik aurrera badaki zer gerta dakiokeen. Jakinaren gainean jarri zaituztegu.

Eusko Jaurlaritzaren aburuz, delitua da garraioa duintasunez egin behar dela esatea, bezeroari kalitateko zerbitzua eskaini behar diogula azaltzea, lanaren truke prezio egokia kobratu behar dela azpimarratzea, eta suizidatu gabe edo errepidean inor hil gabe lan egin behar dela esatea.

Kontua, baina, ez da hor amaitzen. Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioak edo Eusko Jaurlaritzaren Garraio Sailak kudeatzen dituzten Garraioaren Kostuen Behatokien webguneak kontsultatzea eta hor agertzen diren zenbakiak kontuan hartzea ere debekatuta dago. Bitxia bada ere, Eusko Jaurlaritzak isuna jartzen die bere webguneak jasotzen duen informazioa kontsultatu eta aintzat hartzen dutenei. Ez litzateke logikoagoa webgune biak ixtea? Edo, agian, Eusko Jaurlaritzaren Garraio Saila ixtea? Finean, garraiolariei legea urratzeko esaten ari dira. Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioa ixteko arazo gehiago izango lituzkete, baina behin hasiz gero... Finean, Lehiaren Lege sakrosantuari esker gogoak ematen diena egin dezakete.

Beraz, hemendik aurrera, badakizue, garraiolari autonomo maiteok: ahoa itxi ezazue, baita begiak ere, gastuen azpitik lan egin ezazue, zuen artean borrokatu zaitezte, ez ezazue sekula santan ibilgailua konpondu, ez zaitezte bezeroaz eta bezeroen merkantziaz arduratu, topatzen duzuen asegururik txarrena baina merkeena kontratatu ezazue, gasoliorik txarrena eta merkeena eros ezazue, txoferrei soldatarik ez ordaindu, jan ezazue egunero-egunero mortadela ogitartekoa, lo egin kamioian, bihur itzazue errepideak infernu, eta bizimodua ateratzeko errepidean suizidatu behar baldin bazarete, edo norbait hil behar baldin baduzue, suizidatu zaitezte! Hori da hain zuzen Eusko Jaurlaritzak nahi duena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo