«Inposaturiko Konstituzioa» gaitzesteko bihar kalera ateratzera dei egin du Segik
Bihar Konstituzio espainola idatzi zenetik 30 urte betetzen dira, eta beraz, «inposaturiko» marko hori gaitzesteko deia egin du Segi gazte erakundeak. Bide batez, Konstituzioaren alde daudenei «Euskal Herria ez dagoela salgai» erakusteko deia egin dute.
GARA |
Konstituzio espainola idatzi zenetik 30 urte betetzen dira bihar, eta Segi gazte erakundeak «inposaturiko» marko hori gaitzesteko deia egin dio euskal gizarteari. Izan ere, Euskal Herria herri gisa ezabatzeko saiakera dela salatu du erakundeak, «frankismoaren jarraipena ziurtatzeko» sortu zela gogoraraziz. Jakinarazi du halaber, 30 urte hauetan argi gelditu dela «Konstituzio espainolaren kateetatik askatu ezean, Euskal Herria ezingo dela askea izan»; beraz, egun hauetan, «espainiar sinbologiak apurtu, eta konstituzioaren alde egonik Euskal Herria saltzera doazenen aurka, kalera ateratzeko» deia egin du.
«30 urte hauetan euskal herritarrok oso ongi ezagutu eta gogor jasan ditugu honen ondorioak», adierazi du Segik, eta gaineratu duenez, «Estatu espainolaren menpe bizitzera kondenatu nahi gaituzte, Euskal Herriaren zatiketan sakondu nahi izan dute, gure eskubideak une oro zapalduz, eta, gainera, espainiar izatera derrigortuz».
Egoera honen jabe «denok garela» nabarmendu du Segik. Horrez gainera, eta azken urteetako ibilbidea errepasatuz gero, «`abertzaleak' direla esaten dutenak, PNVkoak, alegia» Konstituzioaren alde lerrokatzen direla salatu du, horretarako Iñigo Urkullu EAJko buruak esandako hitzak gogora ekarriz: «Euskal Herria cabe en la Constitución española». EAJren jokabide horren adibidetzat Ibarretxe lehendakariaren kontsulta egitasmoa eta Euskal Herriko selek- zioarekin izandako gatazka nabarmendu ditu. «Madrilen menpeko izatearen hautua» egin izana leporatu dio gazte erakundeak alderdi horri, eta gaitzetsi dute «kontsultaren debekuaren aurrean `planta hutsak' egin bitartean» PSOErekin aurrekontuak adosten aritu izana eta selekzioaren ofizialtasunerako bidean, Euskadiko selekziora mugatuz, «atzera urratsa» eman izana. Hori dela-eta, EAJk «Euskal Herria saltzeko prestutasun osoa duela» ondorioztatu du erakundeak.
Egitasmo kontrajarriak
Nafarroari dagokionez, «indar espainolistak boterean inoiz baino elkartuago» daudela nabarmendu du, UPNk, PPrekin harremanak hautsi ostean, PSNrengana hurbilduz «Nafarroa blindatzeko» asmoa erakutsi baitu. Herrialdea «Madrilen zerbitzura» eta «espainiar faxisten agindupean» jartzeko borondatea ikusi du Segik dinamika horretan. Bide horretan, «euskaldun kutsua duen guztia, eta modu berezian, mugimendu independentista mapatik ezabatzeko» joera duela ere salatu du.
Madrilen aldeko jarrera horren aurrean, «independentzia eta sozialismoaren alde gogor» aritu dela nabarmendu du Segik, «gure eskubideak defendatuz eta gure proiektua eraikiz». Erabat kontrajarriak diren jarrerak azaleratu ditu erakundeak, beraz, eta euren borrokak «bi proiektuak parez pare» egotea ekarri duela argitu du. Independentziaren bidean beharrezkotzat jo du «Konstituzioa suntsitzea, argi utzi behar baitiegu Euskal Herria ez dagoela salgai!», adierazi du gazte erakunde independentista eta iraultzaileak.
Gazte erakundeak gogor gaitzetsi ditu EAJk eta UPNk azken hilabeetan «Madrilen zerbitzura jartzeko» eman dituzten urratsak, eta modu horretan «Euskal Herria saltzeko prestutasuna» erakutsi izana leporatu die.