GARA > Idatzia > > Kultura

Aipagarriak

Esther Ferrer eta Tom Johnson, XXI. Ikus-Entzunezko Erakusketako «izarrak»

Gaur irekiko ditu ateak teknologia berriei leku egiten dien erakusketak. Oraingoan, Esther Ferrer eta Tom Johnson dira gonbidatu nagusiak. Bi artistok beren lan minimalistak ekarri dituzte Bilbora.

p058_f01_95x60.jpg

 

Ianire RENOBALES | BILBO

Soinuarekin eta irudiarekin jokatzeko prest dira berriz ere Bilbon. Performance, argazki, eta instalazioek osatzen duten ia ehun laneko multzoa aurkezteko asmoz, gaurtik aurrera eta hilaren 20ra bitarte, San Nicolas plazan ikusgai egongo da BBVAren XXI. Ikus-entzunezko Erakusketa.

Orotara, ehun bat obra batzen ditu erakusketa honek. Lanak Josu Rekalde Arte Ederren Fakultateko katedradun eta ekimen honen koordinatzaileak hautatu ditu. Bisitariak mota askotako ekoizpenak topatuko ditu. Erabilitako materialak ere oso desberdinak dira. Besteak beste, argazkiak, metala, harria, harea, haria eta papera.

Ikus-entzunezko erakusketa hau lau zatitan banatuta dago. Lehenbizikoak, hamar multimedia instalazio batzen ditu; denak dira oso desberdinak, konposizio eta material oso desberdinak darabiltzate. Bigarrenak, hirurogeita hamar sorkuntza-lan jasotzen ditu; hauek bideo-sorkuntzak dira, animaziozkoak eta fikziozkoak. Hirugarrenak, lizentziatu berri diren zortzi artista gazteren argazkiak hartzen ditu. Laugarrenak, Esther Ferrer eta Tom Johnson artista minimalisten obrak biltzen ditu.

Ibilbide luzea

Esther Ferrer eta Tom Johnson dira erakusketa honetako gonbidatu nagusiak. Biek ala biek ibilbide luzea egina dute artearen munduan eta oso ezagunak dira, bakoitzak darabilen estilo propioa dela-eta.

Esther Ferrer euskalduna performance-en eta instalazio plastikoen artean ibili ohi da, eta bere estiloa oso minimalistatzat jotzen da; hau da, bitarteko pobreak hartzen ditu eta horiek eraldatuz artea sortzen du. Bereizgarri bat dute gainera: behin erakusketa amaituta, materialek erabili ostean hasierako funtzioa berreskuratu dezakete lan hauek. Estherren obren artean «Aingeruen partea» lan ezaguna dago ikusgai. Artistak azaldu duen moduan, «niretzat garrantzitsuena ikusleak obraren aurrean ematen duen denbora da. Batzuek heldu, ikusi, ulertu ez eta alde egingo dute paper batzuk lurrean edo haria horman besterik ez dutela ikusi esanez. Besteak, zain geldituko dira ulertu nahian».

Tom Johnson amerikarrak soinuarekin eta espazioarekin jolasten du bere lanetan. Bere obra guztien abiapuntua matematikak dira. Artistaren arabera, «simetria handia daukate lanek». Akordeen konbinazioekin koadroak sortzen ditu, baina pentagramarik ez da antzematen horietan. Azken batean, Johnsonek musika ikus daitekeen arte bihurtzen du. «Nola egin dezaket marrazki bat eskalen bidez?, horrela jaio zen proiektu hau. Emoziorik ez dago lan hauetan, emozioak erakutsi nahi dituzten artistak ustiatzen baitira», gaineratu du artistak.

Ikus-entzunezko ekimen hau orain dela hogeita bat urte jaio zen. Teknologia berriek irekitzen dituzten ateei leku bat egiteko sortu zen. Eta hasiera-hasieratik, bertako eta nazioarteko artisten laguntza eta kolaborazioa jaso du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo