GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Durangoko liburu eta disko azoka

Euskal letra guztiek nahi dute bildu Azokako erakusleiho erraldoira

Gaur hasi eta datorren astelehena bitarte, euskal sortzaileen oasi izan ohi den Durangoko Azokan bilduko gara milaka eta milaka euskaldun, liburu eta diskoen azalak ikusi, baten bat ikutu eta aztertu, makina bat agur, galdera eta solas egin eta akaso, lanen bat edo beste erosteko. «Durangon ez dagoena, ez dago inon» uste duenik ere bada bazterrotan, izan ere, ez dago bertako salmahaietan egon nahi ez duen libururik; euskarazkoak, euskal gaienak... edo bestelakoak.

p044_f02_250x120.jpg

A. KAMIO A. BILBAO | LEKUA

Ia hirurehun erakusmahai eta ehun eta berrogeita hamar parte-hartzailetik gora, tartean hamahiru eskari berri eta teknologia berriei eskainitako beste horrenbeste toki. Inork ez du Durangon agertu gabe geratu nahi, antza, izan diskoetxe, argitaletxe, kultur eragile edo instituzio. Azoka baita euskal (eta ez soilik euskal) letra eta doinuen agertoki nagusia. Gerediaga elkarteak jasotako datuei jaramon eginda, aurten azokaratutako bostehun berritasun ingururen artetik, 345, hau da, % 70 inguru, liburuak dira. Eta ehuneko horretatik zati handi bat haur eta gazte literaturari begira eratutako lanak dira, beste behin ere.

Berritasun hauen artetik batzuk nabarmenduko ditugu, betiere orriotara zerrenda osoa ekartzea ezinezkoa dela jakinda. Eleberriekin hasi, eta Kirmen Uribek plazaratutako lan berria aipatuko dugu. Ondarroarrak zer egingo jakin-min izugarria zegoen, eta zeresana emango du «Bilbao-New York-Bilbao» (Elkar) nobelak. Argitaletxe berean eman dute argitara Xabier Montoiaren «Golgota» eta GARAko kazetari Joxean Agirreren «La lutte finale» ere. Anjel Lertxundik nobela beltza dakar Alberdanian, «Zoaz pikutara, laztana». Txalapartak berriz, Patxi Zubizarretaren «Mundua lo dagoen bitartean» eta Fernando Morilloren «Zure Arimaren truke» plazaratu ditu. Ipuinei tokia eginez, Edorta Jimenezek «Ispiluaren kalteak» bilduma eman du Elkarren, eta Martin Ansok «Ele zehar, ele berri» Alberdanian. Hauez gain, bi lan berezi aipatuko ditugu. Batetik, Mikel Soto editoreak apailatuta, Txalapartak plazaratu duen «Haginetako mina» bilduma, euskal gatazkari buruzko idazle anitzek idatzitako ipuinak biltzen dituena; bestetik, Susa etxeak, hogeita bost urte betetzen dituela-eta, Mikel Elorzak apailatutako «Aspaldiko lagunen bisita», makina bat idazleren parte-hartzearekin. Joseba Sarrionandiak eleberriaren eta ipuinaren tartean egin du bere txokoa, «Gau ilunekoak» ipuin edo eleberri laburrarekin.

Aipatu ipuin bildumez gain, bi olerki lan dakartza Azokara Susa argitaletxe finak. Bata, Hedoi Etxarte nafarraren estraineko «Suzko liliak» eta bestea, Txili Lauzirika lekeitiarraren «Tatuaia bat ene begietan». Poesiarekin jarraituz, Hasier Larretxeak «Azken bala» plazaratu du Point de Lunettes Sevillako etxean, edizio elebidunean, eta Xabier Letek «Egunsentiaren esku izoztuak» Pamielan, hamarkada luze-luze bat poema berririk gabe, isil-isilik eman ostean.

Biografiak maite dituztenentzat, Arantxa Agirreurretaren «Simone de Beavoir» plazaratu du Elkarrek, baita Nere Lujanbioren «Oteiza» ere. Gari Berasaluzek, bestalde, «Itxasoak emandako bizitza» lanean, Joan Sebastian Elkano herrikidearena. Irakurtzekoa izango da Xabier Silveirak Maradona «Barrilete kosmikoa»-ri, eskaini diona ere.

Guzti hori gutxi ez, eta Tere Irastortza «Izendaezinaz» edo jorratu nahi ez diren gaiez mintzo da Pamielan eta Manu Lopez Gasenik «Mozorroaren ispiluan» saiakera argitaratu du Ereinen. Harkaitz Canok «Zinea eta literatura» saiakera batean uztartu ditu eta Urtzi Urrutikoetxeak Afrikan barrena egindako «Afrika express» bidaia kronika kontatu, biak Elkarren eskutik.

Euskarara ekarriak

Itzulpengintzak ere badu bere pisua Azokan, eta asko dira lan interesgarriak. Alberdaniak Nathacha Appanahren «Azken anaia» dakar euskaraz, baita Literatura Unibertsala bildumako Wilkie Collinsen «Ilargi-harria» ere, Elkarrekin batera. Pentsamendu Klasikoak bilduman, Max Weberren «Politika eta zientzia lanbide» itzuli dute, besteak beste; eta Elkar etxeak iazko Nobel saria jaso zuen Doris Lessingen «Belarra kantari». Hanif Kureishi arrakastatsuaren «Intimitatea» ere euskaraz eman du Txalapartak. Bukatzeko, ezin ahaztu Igelak atal honetan egindako lana. Aurten, besteak beste, Antoine Saint-Èxupéryren «Gaueko hegaldia» eta Tolkienen «Hobbita» argitaratu dituzte.

Gogoratu, gainera, egile hauetako asko eta asko Durangora bertaratuko direla, bakoitza dagokion argitaletxean liburuak sinatzeko, eta irakurleekin kontu kontari aritzeko.

kultura

HAUR ETA GAZTEAK

Azokan aurten ere gune propioa izango dute irakurle fidelak diren haur eta gazteek, besteak beste, Pello Añorgak, Leire Bilbaok, Juan Kruz Igerabidek, Antton Kazabonek eta Miren Agur Meabek emandako lanak irakurtzeko.

Maiatz

Ipar Euskal Herriko etxeak Peio Jorajuriaren «Uzkinako luma» poesia liburua eta «20 idazle, 20 escrivans» dakartza Durangora. Baita Mixel Thikoipek itzuli «Gorrail azeria» eta Pantzo Mitxelenak itzuli «Topaketak»ere, Maryse Liciagarena.

ibarretxe VS. iriondo

Iñaki Iriondo kazetariak «Juan José Ibarretxe, entre el poder y el querer» lana plazaratu berri du, 1989an EAEko lehendakari aukeratu zutenetik laudioarraren ibilbidea jasotzen duena. Azokan, GARA egunkariaren salmahaian aurkituko duzu.

Liburu eta diskoez gain, eskaintza oparoa izango da, egutegiak eta CD-ROMak, kasu

Durangoko Azokak liburu eta diskoak saltzeaz gain, beste hainbat produktu erosteko aukera ere ematen du, normalean katalogoetatik kanpo edo irakurleen begiradetatik apur bat urrunduta geratzen direnak. Urte berriaren gertutasuna probestuz, erosleen artean ohikoa izaten da etxerako egutegiren bat erostea, edo ahizparentzat agenda bat, mutil lagunari diskoak gordetzeko zorro bat... edo dena delakoa. Egutegien artean, besteak beste, «Argia»k, Bideografik ekoizleak eta «Euskal Herria» aldizkariak plazaratutakoak izango dira eskuragarri. Euskal Herrian Euskaraz-ek eta Ikasle Abertzaleek ere euren agendak eta beste produktu batzuk eramango dituzte azokara. Haur eta gazteentzako ere eskaintza oparoa izango da. Aurreko azoketan bezala, teknologia berriek izango dute lekurik, eta CD-ROM hezitzaile ugariren artean norberak bere aukera egin ahal izango du. Elhuyarrek, adibidez, «Armix ilargian galduta» edo «Geografian aritu/aditu» jokoak eramango ditu azokara. Gestionet Multimediak, bestalde, «Ardizuri eta zazpi karrozak», «Baratzeguda», «MetaM», «Txapel Saltoak», eta «Zugarramurdiko profezia» eskainiko ditu. Eta, nola ez, haurren artean arrakasta duten Ane Monna, Oskola eta Karramarroi zein Pirritx eta Porrotx pailazoak ere Durangon izango dira argitaratu dituzten produktuekin, horien artean, «Ino, ino, ino, badator Bonbardino» eta «Eskerrik asko» DVDa.

A. K.

Aipagarrienetarikoak

GAUR

Euskal denda. Durangoko Merkatu plazan zabalik egongo da abenduaren 8ra arte. 11:00etatik 14:45era, eta 16:30etik 20:00etara. Juan Garmendiak azokako sarietako bat jasoko du.

Inaugurazio ofiziala. Eneko Olasagastik irakurriko du sarrera hitzaldia eta urtean zehar hildako euskaltzale, musikari eta artistak gogoan izango dituzte, tartean, Mikel Laboa, Mikel Errazkin eta Gotzon Garate. 18:30ean, Elkartegian.

Musika. Rafa Ruedaren zuzeneko kontzertua. 22:30etan, Plateruenan.

LARUNBATA, 6

Literatura solasaldiak. Musikari eta idazleek osatutako Ahotsenea elkarteak solasaldiak eskainiko ditu. 10:00etatik 15:00etara, Landako Elkartegian.

Hitzaldia. «Finlandiako literaturaren garaiak Erdi Arotik gaurdaino». 12:30ean, Elkartegian. 18:00etan, errezitaldia.

Enkantea. «Egin 10 urte» lemapean, euskal artista ugariren kultur lanak enkantean jarriko dira. 12:00etan, Plateruenan.

Ahaztuak. Memoria historikoaren berreskuratze lanetan diharduen elkarteak CD berria aurkeztuko du zuzeneko emanaldiez lagunduta. 13:30ean, Plateruenan.

Sinadurak. Iñaki Iriondo garako kazetaria bere liburua sinatzen ariko da. 13:00etik 14:00etara eta 17:00etik 18:00etara, Landakon.

Argizaiola. Juan Zelaiak Durangoko Argizaiola jasoko du. 20:30ean, San Agustin Kultur Gunean.

Musika. Kautaren zuzeneko kontzertua. 22:30etan, Plateruenan.

IGANDEA, 7

Omenaldiak. Gotzon Garate euskaltzaina eta Mikel Errazkin musikaria omenduko dituzte. 11:00etan, Elkartegian.

Irakurraldi musikatua. Euskal Idazleen Elkarteak «Atera dena» irakurraldi musikatua eskainiko du. 12:00etan, Plateruenan.

Musika. Gatiburen zuzeneko kontzertua. 22:30etan, Plateruenan.

ASTELEHENA, 8

Aurkezpena. «Gu ta gutarrak» DVDa. 13:00etan, aurkezpen aretoan.

Musika. MMXen (Maialen, Mixu, Xalbatx) kafe kontzertu akustikoa. 15:30ean, Plateruenan.

Musika. Ipar Euskal Herriko abeslariak. 18:00etan, Plateruenan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo