GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Etxean bertan dugu kalapita

 

Blanca IZKUE
 
Musikagintzako langilea

Partidaren tenore honetan pentsatzekoa da jakinaren gainean egongo zaretela: Kepa Junkerak berriki kaleratu duen «Etxea» eta datozen bi urteetan egingo dituen beste bi diskoengatik 702.000 euroko diru laguntza zuzena jaso du Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Kultura sailetatik; 472.000 eta 230.000 eurona, hurrenez hurren. Beraz, ez da testu honen xedea albiste freskoa zabaltzea. Bai, ordea, afera beste behin ere salatzea. Seguru aski egunotan hautsak harrotu dituen kontua izan arren, hemendik gutxira ahantziko dugu gertatutakoa, laster anekdota soil gisa gogoratuko dugu. Hori gertatu aurretik, hona hemen beste aipamen bat. To, matraka.

Egun hauetan entzun dugu diru laguntza hori Kultura Sailak urtero musika arloko profesionalei bideraturiko kontu-sailarekin alderatuta iraingarria dela. Antza, Junkeraren egitasmo honek beste inorenak baino hobeki lortuko ditu «kulturaren hedapena, nazioarteko zabalkuntza eta kultura anitzen arteko harremana». Baina hori jakiteko ez da inongo prozedurarik bete, ez inongo lehiaketarik iragarri, ez proiektu edo defentsarik aurkeztu. Besteok, antza, ez gara maila horretara iristeko gai. Agian sektoreko krisiak gure ahalmen ekonomikoa ez ezik, gure abileziak ere ahuldu ditu.

Denetariko iritziak aditu ditugu egunotan. Zinikoak batzuk: honakoa ez dela halako diru laguntza zuzenak eman diren lehenengo aldia, eta orain arte gustura asko jaso direla, inor asaldatu gabe. Hau da, kexatze hutsa, halako zortea oraindik ez duten seinale. Baina zorte hori izan dutenek tutik ere ez dutela kontra esan. Kexatiak «pringao» hutsak dira aukeratuen klubetik at daudelako. Musikari askok plazaratutako idazki baten arabera, diru laguntza bera ez da salagarria, ezta nork jaso duen ere, emateko modua baizik. Eleganteak musikariak, ez aipatzea loteria honen irabazleak, erakunde publikoek aukeratutako gure kulturaren enbaxadore berriak, euskararekin duen harremana. Kultura Saileko burua ere, giroa baretze aldera, hedabideetan mintzatu da berriki, lasai egoteko, dirua denontzat dagoela esanez. Hemen denek hartu dute hitza. Denek, dirulaguntzaren zatirik handiena bideratu duen departamentuko buruak eta dirua jaso duenak izan ezik.

Gauzak horrela, behinik behin, zerbait eskatzeko eskubidea dugulakoan nago: diru publikoaz finantzatutako beste edozein ondasun bezala, errepideak bezala, osasun publikoa bezala... bada, Junkeraren diskoa musutruk eman dezatela, hori gutxienez. Denon diruz egindako lana bada, denon ondasuna beharko luke, beraz, denon eskura egon. Etxea doan denontzat. Ez ala?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo