GARA > Idatzia > > Iritzia

Josebe EGIA

Halakorik entzun beharra ere!

Goizean goiz irratian entzuten dudan informazioak munduan zer gertatzen ari den jakiten laguntzen dit, zein agenda egongo den egun horretan eta, zergatik ezkutatu, esnarazten eta munduarekin adiskidetzen. Ia beti berri txarrak badira ere.

Goizean goizeko ordu horietan, ia irrati guztietan hainbat solas-gizon, eta irratiaren arabera solas-emakumeren baten, iritziak entzun ohi ditugu. Irrati batzuetan lehenengoak bakarrik agertzen dira, piperrik ere gustatzen ez zaidana, are gehiago irrati publikoa baldin bada.

Azaroaren 25ean, genero indarkeriaren kontrako nazioarteko egunean, goizean goizeko ordu horietan kotxea gidatzen eta Bibiana Aido Berdintasunerako ministroak noiz parte hartuko zain nengoela, zur eta lur geratu nintzen albistegia eman aurretiko azken segundoetan azken solas-gizonaren hitzak entzun nituenean.

Solasaren gaiak ez zuen aurreikusarazten tipo honen iritzia. Saioaren gidariak minutu batzuen buruan Berdintasunerako ministroa beraiekin egongo zela gogorarazi zuenean, gure protagonistak esaldi erabat sexista botatzeko atrebentzia izan zuen: «Portzierto, bi emakume Alderdi Sozialista frantsesa bere buruaz beste egitera bultzatzen ari dira hura gidatzeko batailan».

Entzute hutsarekin oilo-ipurdia jarri zitzaidan, azaltzen zaila den sexismo maila erakusten baitu. Nik dakidala orain arte Alderdi Sozialista frantsesa beti egon baita gizonen gidaritzapean eta ugariak izan dira barne zein kanpo-krisiak, eta beti atera da, orain aterako den bezala.

Antza denez, solaskide honen ustez, berdintasuna emakume eta gizonen artean «espazio guztiak» partekatzea dela ulertu ezinik, emakumeek alderdi politikoak zuzendu nahi izatea eta hori egiteko gure artean lehiatzea ez zaio erabat zuzena iruditzen eta halako iritziak botatzen ditu lasai asko.

Baina gizonak beti egon dira esparru politikoetan historian zehar. Inperioak eta zibilizazioak sortu eta suntsitu dituzte, botereagatik borrokatu eta hura mantentzeko edozein gauza egin, edozein preziotan. Erail, konspiratu, manipulatu, bahitu eta bestelakoak egin dituzte eurek ulertzen duten boterea ez galtzearren, eta ez beti era demokratikoan, jakina. Ez dira historia eskolak behar gure egungo jendarteak ulertzeko. Beti gizonak izan eta egon dira.

Orain ere, berdintsu gaude. Gizonak boterea lortzeko borroka daitezke, anbizio handikoak izan, edozein arma erabili ez galtzeko eta nahi duten moduan eraman. Baina lehia horretan emakumea sartuz gero, ikus dezakegu gertatzen dena. Eta Alderdi Sozialista frantsesean bezala, bi emakume izan badira haren gidaritza eskuratzeko lehian ibili direnak, haien asmo bakarra alderdia hondamenera eramatea da. Sinestezina, jaun-andreok, baina egia.

Hori guztia ikusita, agian erabakiko dut katea aldatzea eta musika saioetara itzultzea, ez daude hain gaizki-eta, eta gainera, Berri Txarrak entzuten baditut ere, akaso lagunduko didate munduarekin adiskidetzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo