Esnekien banaketan aritzen den Vefalur enpresa erabat kiskali du suak Andoainen
Danoneren eskumendeko Vefalur enpresaren pabiloia eta banaketarako hamalau ibilgailu erabat kiskalita geratu ziren atzo goizaldean Andoainen izan zen sute baten ondorioz. Dirudienez, kanpoan zegoen kamioi batean piztu zen sua eta berehala zabaldu zen ingurura.
GARA |
Atzo goizaldean kalte larriak eragin zituen sutea izan zen Andoaingo Ubilluts industrialdeko pabiloi batean. Bertan, Vefalur enpresaren eraikin bateko 2.500 metro karratu eta banaketarako hamalau ibilgailu erabat kiskalita geratu ziren.
Andoaingo alkate Jose Antonio Perez Gabarainek adierazi zuenez, goizaldeko 6.30ak inguruan hasi zen sutea eta hasieran erretako eremua 1000 metro karratu ingurukoa zela uste arren, azkenean erretako eremua zabalagoa zela jakin zen.
Danoneren eskumendeko enpresa da Andoaingo Vefalur eta esnekien banaketa lanez arduratzen da. Bertan, 40 langile inguruk egiten dute lan.
Dirudienez, aldamenean zeuden banaketarako kamioi batean piztu zen sua, eta berehalakoan ondoan zituen beste lau ibilgailuk ere su hartu zuten. Andoaingo alkateak adierazi zuenez, bost kamioi-hozkailu horiek esnekiz beteta zeuden, astearte gauean banatzekoak zirenak.
Ondoren alboko pabiloi batera zabaldu ziren sugarrak, eta barruan zeuden beste bederatzi ibilgailu suak harrapatuta erre ziren. Horrela, eraikina eta parean hartu zituen hamalau ibilgailuak erabat suntsituta geratu ziren, errauts hutsean. Bertaratu ziren suhiltzaileek «gogoz lan egin behar izan zuten» sugarrak beste ondoko bi pabiloietara zabal ez zitezen. Baita handik gertuko gasolindegi batera zabal ez zitezen ere.
Ke laino handia
Horrela, esnekiekin lan egiten duen Vefalur enpresa honetako instalazio guztiak erabat kiskalita geratu ziren. Gainera, gehienbat plastikozko ontziak erabiltzen dituztenez, «izugarrizko ke lainoa» eragin zuen industrialde inguruan.
Perez Gabarainek, sutea zen lekura hurbildu eta Vefalur konpainiako ordezkariekin hitz egin ondoren, esneki enpresak ohiko eginkizunetara itzultzeko urte erdi baino gehiago beharko duela adierazi zuen.
Sutearen nondik norakoak argitu ahal izateko, berriz, Ertzaintzak bertako eraikinetako segurtasun kamerek hartutako iru- diak jaso zituen, horiek aztertu eta sua zerk eragin zuen argitu ahal izateko.
Vefalur enpresa ohiko jarduerara itzultzeko sei hilabete baino gehiago beharko direla adierazi zuen Perez Gabarain Andoaingo alkateak, enpresako ordezkarieki hitz egin ondoren.