GARA > Idatzia > > Kultura

DURANGOKO AZOKA

«Emakumea sortzaile izan da beti, baina arlo pribatuan geratu da»

Emakumea jaio egiten da ala egin egiten da? Galdera horrekin eman zion hasiera Leire Bilbao idazleak «Emakumeak sortzen» izenburupean Durangon egin zen mahai-inguruari. Laura Mintegi idazlea, Aiora Renteria musikaria eta Josune Muñoz Skolastika proiektuko zuzendaria izan ziren parte hartzaileak, eta kulturgintzan emakumeek duten irudia nolakoa den izan zuten aztergai. Sinatu gabeko sorkuntzan eta lehena eta orainaren gainean gauzatu zen solasaldia.

p046_f02_148x84.jpg

Ane ARRUTI | DURANGO

«Emakumeak sortzen» izan zen atzo Durangoko Elkartegian egin zen mahai-inguruaren izenburua. Leire Bilbao idazleak gidatuta, beste hiru emakume izan ziren gonbidatuak: Laura Mintegi idazle eta unibertsitateko irakaslea, Aiora Renteria musika irakasle eta Zea Mays taldeko abeslaria, eta Skolastika proiektuaren zuzendari Josune Muñoz. Kulturgintzan emakumearen irudia nolakoa den aztertzea zuen helburu eta lehenengo mahaigaineratu zuten ideia transmisioarena izan zen.

Muñozen esanetan, irudi okerra dago ideia horren atzean. Transmisioa bigarren urrats bat da, horretarako aurretik zerbait sortu beharra dago eta hor aurkitzen da emakumearen papera. «Guk sortu egin dugu, nahiz eta sinatu ez. Ahozko kultura bat hor dago».

Mintegik sorkuntza horri eman zaion balioa izan zuen mintzagai eta zenbait arazo aipatu zituen. «Sortu dugun horrek ez du truke-baliorik izan. Gainera jabegoa ez da emakumearen eskuetan egon eta produkzio hori izendatzeko aukerarik ere ez du izan». Mintegik gaineratu zuen emakumea ez dela kontziente izan sortu duen produktuaz eta horregatik ez dela sortzailetzat hartu.

Ardatza lan hori arlo pribatutik publikora pasatzean datzala adierazi zuen Muñozek. «Orain arte arlo publikoa gizonezkoena izan da eta emakumeak etxean egin du lan».

Renteriak beste arazo bati heldu zion, ordea. Abeslariaren esanetan, publikora pasatu nahi horrek transmisioaren galera ekar dezake. «Ikasgeletan ikusten da, haur askok ez dute transmisio hori jaso eta galduta dabiltza». Muñozek prozesuak bikoitza izan behar duela adierazi zuen, emakumeek arlo publikora eta gizonezkoek pribatura egin beharrekoa, «baina gizonek ez dute bide hori hartu».

Laura Mintegik «generoen konstrukto kulturalak» aipatu zituen. «Emakumeok argi izan dugu zer ez genuen izan nahi. Ez genuen gure ama eta amonak bezala sukaldean sartuta egon nahi, eta konstrukto horien dekonstruzio lanetan aritu gara. Lan horrek paraleloa izan behar du, ordea, eta momentu honetan desoreka handia dago».

AMATASUNA

Adin bateraino emakume gehiago dira abeslari edo idazle aritzen direnak. Amatasuna bihurtzen da kasu askotan autozentsurarako mugarri.

Lehena ezagutu orain zertara eta nola iritsi nahi dugun jakiteko

Lehena eta oraina ere izan zituzten hizpide mahai-inguruan. Guztien esanetan, iragan femeninoa ezezaguna zaigu eta ezagutza hori beharrezkoa da bai erreferentziak izateko, bai eta estereotipoak hausteko ere. Historialari batek 261 idazle zenbatu zituen euskal historian zehar, horietatik sei baino ez ziren emakumeak. Ikerlari batek, denentzat irizpide berak erabiliz zenbatu zituen, eta sei izatetik hirurehun emakume izatera pasatu ziren. Solaskideen esanetan, erreferentzia horiek ezagutzean dago gakoa. Emakumeek ziurtasun falta dute arlo pribatutik publikora salto egiteko eta adin batetik aurrera nagusitzen den autozentsura gainditzeko. A A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo