DURANGOKO AZOKA
Euskal idazle gazteek beren sentipenak bildu dituzte «Atera dena» diskoan
Ane ARRUTI | DURANGO
Iragan maiatzean ospatu zuten Euskal Idazleen Elkarteko (EIE) Idazle Gazteen Topaketa Pasaian. Elkarlanean sormen lan bat burutzea zen helburua, eta bertan «barnean zuten guztia atera zuten» parte hartzaileek. Guztiarekin 18 testu biltzen dituen diskoa kaleratu dute.
Topaketan Igor Estankona, Leire Bilbao, Fernando Morillo, Asier Serrano, Oier Guillan eta Asel Luzarraga elkartu ziren. Castillo Suarez taldera batu zen gero, bai eta Borja Estankona eta Antxon Sarasua musikariak ere. Horren emaitza da atzo Durangon aurkeztu zuten diskoa. Hemezortzi testu, batzuk errezitatuak, abesti bihurtuak beste batzuk. «Atera dena» proiektua, diskoan ez ezik, zuzenean entzun eta ikusteko aukera ere izango dugu hemendik aurrera.