GARA > Idatzia > > Kultura

DURANGOKO AZOKA

Anjel Lertxundirekin mikroipuin bat sortzeko aukera sarean

Imanol eta Eneko Agirre anaiek ekimen berri bat jarri dute martxan, teknologia, literatura eta euskara uztartzen dituena. Anjel Lertxundiren testu labur batetik abiatuta, mikroipuin bat osatzea proposatzen dute. Horrela, irakurzaletasuna sustatzeaz gain, jendeak idazketan parte hartzea bultzatzea dute helburua. «Esporak Sarean» proiektua www.egaroa.com/esporak helbidean aurki dezakegu eta nahi duenak idatz dezake bere mikrotestua.

p047_f02_148X80.jpg

Ane ARRUTI | DURANGO

Zarauzko Garoa liburu-dendak 35 urte bete ditu eta negozio txiki asko bezala, belaunaldi aldaketa baten aurrean da. Hala ere, Imanol Agirre, Garoaren jabeak, badu harro egoteko motiborik. Bere bi semeek, Imanolek eta Enekok, familian errotuta dagoen lanbidearekin jarraitzeko asmoa baitute. Garaiak asko aldatu dira, ordea, eta etxeko gazteek Internetek eskaintzen dituen aukera guztiak aprobetxatu nahi izan dituzte. «Apal berri bat gehitu diogu dendari: sarea», azaldu zuen atzo Imanol Agirre semeak Durangon, proiektuaren aurkezpenean.

«Esporak sarean» ekimenak, teknologiarekiko eta literaturarekiko zaletasuna eta euskara uztartzen ditu. Agirre anaiek «literatura eta euskara maite duen ororen parte hartzea bultzatzea» dute helburu. Horretarako, Anjel Lertxundi idazlearen laguntza izan dute. Berak osatu duen mikrotestua da ondoren sor daitezkeen mikroipuin ororen lehenengo atala. Hortik aurrera edonork idatz dezake. «Testu-aita batek, testu-seme mordoa izan ditzake». Hau da, norbaitek Lertxundiren testuaren bigarren zatia idatz dezake eta hurrengoak hirugarrena. Baina bigarren hori gustukoa ez bada, norberak idatz dezake beste bat. «Edonor izan daiteke mikroipuinaren bigarren idazlea. Gainera, uste dugu Andurekin batera ipuin bat idatzi ahal izatea oso gauza polita dela».

Idatzitako testu bakoitzak 60 eta 120 hitz artean izan ditzake. Mikroipuin bakoitzak, berriz, hamar mikroipuin izango ditu gehienez ere. «Horrek ez du esan nahi, seigarrenak bukatu ezin duenik». Agirre anaiek jendeari idazteko gonbitea luzatu zioten atzo, «bakoitzak hamar minutu eskainita, gu gustura».

TESTUA

«Orain hogeita bost urte Mariak okerreko autobusa hartu zuen eta, ustez hiri batera zihoalakoan, justu beste muturreko hiri batera iritsi zen.(...)». Hori izango da mikroipuin guztien hasiera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo