GARA > Idatzia > > Kultura

DURANGOKO AZOKA

Euskal autoreen lanak itzuli eta AEBetan zabaltzen dihardu Joseba Zulaikak Renoko Unibertsitatean

Joseba Zulaika antropologoak Renoko Unibertsitatean lanean dihardu euskal autoreen obrak ingelesera itzuli eta AEBetako ikasle eta ikerlariek Euskal Herriko autoreekin lotura izan dezaten.

Ariane KAMIO | DURANGO

Aspaldiko lagunekin berriketan aritu zen Joseba Zulaika itziartarra salmahaiz salmahai. Durangoko Euskal Disko eta Liburu Azokara etorri da Renoko Unibertsitatean (Nevada, AEB) antropologo, historialari eta literatura kritikari talde batekin egin dituen lanak aurkeztera. Aurtengoan, Joxe Migel Barandiaran eta Mitxelenaren obrak itzuli dituzte ingelesera, baita beste saiakera batzuk ere. Obra horiek baina, badute beren ibilbidea Euskal Herritik milaka kilometrora. «Gure asmoa pixkana-pixkanaka hango ikerlari eta graduondoko ikasleek beren tesiak euskal gaiei buruz egin ditzaten bultzatzea da, eta euskal gaiak euskal autoreen bitartez eta euskal gaiak ikertu dituzten egileen bitartez ezagutu ditzatela», azaldu zuen. Joseba Zulaikaren hitzetan, txikia da Center of Basque Studies ikerketa zentroan egiten duten lana, baina «oinarri estrategikoa» daukala iritzi dio. Izan ere, itzultzen dituzten lanak 300 edo 400 liburutegitara zabaltzen dituzte, doan, unibertsitateetako ikasleek euskal autoreen ezagutza eskura izan dezaten.

Ildo horretatik, eta autore klasikoez harago, gaur egungo artisten zabalkundeari garrantzi berezia eman zion Itziarko antropologoak. «Une honetan euskal artistentzako beka sortu nahian ari gara, eta sortu samarra daukagu. Bertako sortzaile bat urtero hara joatea nahi nuke eta hango artistekin harreman sareak eraikitzea», esan zuen Zulaikak.

Liburuak argitaratu ahala, Euskal Herriko sortzaileek AEBetan aurkezpenak egin ditzaten nahi duela aitortu zuen, hala nola Boisen, San Frantziskon, New Yorken edo beste hiriren batean. Musikariak ere bertara gerturatzea nahiko luke Joseba Zulaikak, baina taldeek «publiko murritza» dutela azaldu zuen, eta horrek arazo gehiago sortzen dituela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo