GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Idi-probak Finala

Itziarko Ixamaren uztarriak lortu du aurten Euskal Herriko onena izatea

J.L. | DONOSTIA

Ixamaren idiek irabazi zuten herenegun Gernikan jokatu zen BBK Sariketako finala. Urtean zehar Euskal Herriko probalekuetan aritzen diren sei uztarririk onenak ziren lehiatzekoak, baina azkenean Garmendiaren idiak ezin izan ziren bertan izan, eta zazpigarrenak, Bilbaorenak, joan ziren finalera.

Arratsaldean eta gauean jokatu ziren saioak, eta dudarik gabe, arratsaldekoak izan zen onena, estreinako biak lehen ekinaldian aritu baitziren.

Lehen postua lortzeko lehia izugarria izan zen. Ixamaren idiak izan ziren nagusi, baina oso metro gutxiko tartea egon zen. 54 untze egin zituzten irabazleek, Urrutia eta Telleria itzain zituztela, eta bigarren geratu ziren Landazabalenek, berriz, 54 egin zituzten.

Gaueko ekinaldian, aldiz, onena Bilbaoren uztarria izan zen, eta lan bikaina egin zuten, gainera. 53 untze pasa egin zituen, baina ezin izan zituen aurreko biak gainditu, eta azkenean hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Laugarren geratu zena ere, Zerainena, alegia, ongi aritu zen, 53 untze pasa egin baitzituen. Azkeneko biak dezente atzerago geratu ziren. Final honetako estreinako hirurak, Ixamaren, Landazabalen eta Bilbaoren uztarriak, alegia, Superprestigioko finalerako txartela lortu dute.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo