GARA > Idatzia > > Kultura

KRONIKA Azken txanpan sartua da azoka

Errazkin eta Garate omendu zituen Azokak egunez, Gatibu izan genuen errege gauez

Aurten zendutako Mikel Errazkin eta Gotzon Garate lagunak izan zituen gogoan Azoka azken txanpan sartua da. Goizeko aurkezpenekin hasi eta gaueko Gatiburen kontzertuarekin bukatu, ez da atsedenik Euskal Herriko erdigune bihurtua dugun Durangon.

p044_f02_97x72.jpg

Ostiralean hotz hasi zen Azoka berotzen joan da asteburuan, eta atzo ere ez ziren gutxi izan bertan bildutakoak. Goizeko hamarretan ateak ireki zituztenerako zeregin korapilatsua bihurtua zen Durangoko kale zein aparkalekuetan autoa lotzeko tokia aurkitzea.

Igandeko egitarau oparoan berezia genuen goizeko hamaiketako hitzordua, Elkartegian Gotzon Garate omentzekoak baitziren bere inguru hurbileko lagunak. Ezaguna da iragan urriaren 8an zendutako Elgoibarko semearen euskaltzaletasuna, eta irakurriak oso berak sortutako lanak. Garate jesuita funtsezkoa izan zen Deustuko Unibertsitatean Euskal Filologiako ikasketak abian jartzeko, eta bere lankideek hartu zuten lankide eta laguna omentzeko ardura. Zeregin horietan izan ziren omendua ondo ezagutzeko beta izan zuten Javier Kaltzakorta eta Juan Manuel Etxeberria. Garate bera ere ikusi ahal izan genuen gainera, pantailan, grabatutako hitzaldi baten bitartez. Bertan azaldu zutenez, hunkiturik jaso zuen 2005ean Argizaiola saria Elgoibarren sortutako kulturgileak, koskortu orduko Durangora joan eta bertan jardun omen baitzuen ikasketak burutzen. Bere jardun oparoaren adierazgarri, gainera, hizlarien mahai ondoan Garatek idatzitako lanen laginak jarri zituzten ikusgai, egindako lan eskergaren adierazgarri.

Azokako saltoki eta salgaien dibertsifikazio edo dibertsifikazio ezaz ez dugu jardungo, baina urtero-urtero gero eta esparru gehiago irabazi eta gero eta egitarau osatuagoa eskaintzen da Azokaren inguruan, barruan zein kanpoan. Elkartegian Gotzon Garateren omenaldia burutzen zen bitartean, «Mende baten aldarriak XX.ean jarriak» aurkeztu zen Landako eraikineko aurkezpen gunean Xabier Amuriza eta Jon Maia egileen ahotik. Ahozko literaturaren altxorra jendearengana helaraztea omen du helburu liburu-DVDak, Lanku argitariaren esanetan, eta «asmo honekin, XX. mendeko giro politiko eta soziala (gerrateak, gosetea, emigrazioa, frankismoa,...) deskribatzen duten aleak aukeratu dituzte» etxeko epelean geldirik egotekoak ez diren bi egile ipurterreek.

Xabier Amurizaren aburuz, «Euskal Herrira mugaturik, hogeigarrenak bide eta bidegurutze amaigabeak utzi ditu gure oroimenean eta bertsoaren esparru erlatiboki txikian ere, urte osoa beharko genuke bertsolaritzak jaulki duen emaitza guztia berritzen». Lanak beraz, iragan mendeko bertsoak biltzen ditu, bes- teak beste, Agirre, Alkain, Arrese-Beitia, Azpillaga, Basarri, Elizanburu, Kepa Enbeita, Etxahun Iruriko, Etxeita, Lazkao Txiki, Lopategi, Markano, Otaño, Otxalde, Iturzaeta, Txirrita, Uztapide, Xalbador eta Yanzirenak, anonimoez gain.

Lana liburu eta DVD formatuan eman dute. Lehenak bertsoak eta bertsoaldi bakoitzeko testuinguruaren berri ematen du, eta bigarrenak, berriz, irudi historikoekin janzten du Amuriza eta Maiaren kantua. Lankuk standean lana formatu bakarrean erosteko aukera ematen bazuen ere, merkeagoa zen noski, biak elkarrekin erostea.

Argazkia pasio

Batak bukatu besteak hasi, eguerdia iritsi orduko Elkartegian ginen berriro, «Euskal Herriko paisaje zoragarriak» izeneko ekitaldirako. Lorea Madinak gidatuta, Xabi Otero eta Santi Yanizek argazkigintzan egindako ibilbideari buruz solasaldia burutu zuten, zintzo eta umil. Aurretik, Pablo Garitaonandiak atondutako muntaiaren bitartez egile bien irudi zoragarriak ikusteko parada izan genuen, batzuk ezagunak, besteak ez hainbeste, Euskal Herriko paraje idilikoetan eginak.

«Sarritan jendea kanpora joaten da etxe ondoan aurki daitezkeen sentsazioen bila» esan eta Brahms eta Garbaeken musika lagun, argazki proiekzioaren ostean, Xabi Oterok eta Santi Yanezek txiki-txikitatik argazkiarekiko duten grina agertu ziguten. Otero imajinaren munduak txunditzen du eta Yanezek aldiz kontularitzat du bere burua, sentimenduak azaleraztea baita bien desioa.

Argazki asko atera eta interesgarri gutxi biltzen dituztela onartu eta bat egin zuten biek, «argazki ona, beti ateratzeke dagoena da» aitortzean. Euskal Herriko txokoez galdetuta gainera, Yanez bizkaitarrak Nafarroako kontrastea maite duela esan zuen, «itsasoa faltan badu ere, perfektua izateko». Otero nafarrak berriz, «Bizkaiko paisaia industrialak harritua» zuela esanez eman zuen erantzuna.

Goseak arnasa eman zion Azokari, eta ordu biak aldera Plateruenan bildu ginen asko, bertatik hurbildutako zuberoar Aitzindariak dantzari elkartearen jarduna ikusteko. Barkoxe, Idauze eta Urdiñarbeko dozena bat dantzarik «Zuberoako dantza jausiak» disko bikoitza aurkeztu zuten oholtzan, berrogeita hamabi dantza mutxiko zahar, maskaradetako eta berriak biltzen dituenak. Ekitaldian Oierko txarangak musikaz lagundu zituen dantzariak, Mixel Etxekopar txirulari atseginak kontatu zigunez. Dantzariak aurreko egunean helduak omen ziren Durangora, eta Ikastolan logela zuten arren, «lo guti egin dute hauek» onartu zigun Etxekoparrek irribarretsu, bestondoa zutela gogoratuta. Bere esanetan, eta Durangon aurkitutako giroaz galdetuta, harriturik agertu zen «ama eta amonaren mintzairan horrenbeste ekoizpen berri eta zaharberri aurkitzeaz», Azokara zetorren lehen aldian. «Pozgarria da zubi zuzenak eraikitzea» Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean esanda agurtu gintuen, taldekideekin bazkaldu ondoren etxera itzultzekoa baitzen, biharamuna Zuberoan lan eguna zutela-eta.

Azokara bueltatuta bero aurkitu genuen giroa. Ordurako makina bat musikari eta idazle beraien lanak sinatzen ari ziren jo eta ke, Su Ta Gar kasu. Pog Mo Thon mungiar laukoteko kideek argitu zigutenez, «lanak saltzeko modu bakar eta egokiena da, egunero egunero bertan egon eta jendeari arreta zuzena eskaintzea». Eskola horretakoak dira Rafa Rueda edo Kirmen Uribe ere. Lehena pozik zen orain arteko erantzunarekin eta bigarrenak ez zuen bururik jaso sinatzen ari zen liburuen orri arteetatik.

Eguna omenaldiekin hasi eta omenaldiekin bukatu genuen Elkartegian. Berez zendutako edozein kulturgileri eskainitako gorazarrea hunkigarria bada, are gehiago omendua gaztea eta hurbilekoa izanez gero. Mikel Errazkin hondarribiar musikaria hogeita hamar urte inguru zituela zendu zen iragan irailaren 5ean, eta hurbileko musikari eta lagunek oso maite zutela erakutsi zioten atzo, guztiz hunkituta. Modu horretan, Sorotan Bele taldeko sortzaileetakoa zenari ekitaldia eskaini eta bere omenezko «Bidean aurkitu zintudan» (Hirusta Records) lana aurkeztu zuten, baita haurrentzako atondu disko sortaren azken ale zoragarria ere, Mikel berak ahalegin handiz bukatua.

Hurbileko Errazkin

Ekitaldia Mikelen bikote Kastik aurkeztu zuen gaztelaniaz, eta Mikelen bidaikide izandako Txema Garces, Urbil Artola eta Xabi Lopezek hartu zuten hitza gero, emozioa ezkutatu ezinik. Denek ere hitz goxoak izan zituzten «azken momentura arte lanerako gogo eta ilusioa» agertu zuen laguna aipatzean, «musika baitzuen maite-maite». Horregatik eta esfortzu handiz horrenbeste maite zuen musikari lanerako gogoz eta ilusioz». Momenturik bero eta politena heldu zen orduan, oholtza gainean eta errenkadan HF taldeko Oihana Lekuona eta Ane Odriozolak, Josune Lopezek eta Karelean eta Lantz taldeko Olatz Pratek, Urbil Artola eta Xabi Lopez gitarran lagun, Errazkinek berak prestatutako kantuak ahots garden paregabeez abestu zituztenean. Hirusta Records zigilua sortu eta hogeita hamabost lan ekoiztutako laguna gogoan, Joseba Irazokik eman zigun azken altxor txikia, kantuan.

Ordurako Plateruena jende oldea biltzeko azken prestaketetan zebilen, Gatibu bertan jotzekoa zen-eta. Gernikarrek goiza «Sasi guztien azpitik, laino guztien gainetik» (Baga Biga) lana sinatzeko baliatu zuten, sekulako arrakasta lortuz, eta zuzeneko kontzertua zuten gauean, mila txartel saldu eta sarrerak agortu ziren.

Anartz BILBAO

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo