Unai Iturriaga gailendu da guztira lau finalista eman dituen saioan
Bizkaiko Bertsolari Txapelketak baditu dagoeneko zortzi finalistak: Unai Iturriaga, Arkaitz Estiballes, Iratxe Ibarra, Igor Elortza, Xabier Paya, Etxahun Lekue, Fredi Paia eta Onintza Enbeita. Atzo Getxon jokatu zen azken finalaurrekoa eta bertan erabaki zen abenduaren 20an BECen kantuan arituko den zortzikotea. Finalaurreko oso bizia eta maila onekoa izan zen oholtza gainekoa, eta jendetsua eta beroa oholtza aurrean bildu ziren 1.200 bertsozaleen artean.
Amagoia MUJIKA | GETXO
Azken finalaurrekoa zen eta zozketaren kapritxoz, seikotean erraldoi asko bildu ziren. Horregatik-edo, oso jendetsua izan zen Getxoko hitzordua. Santa Eugenia plazan jarritako karpan -tokia ere berezia txapelketako saio baterako- 1.200 lagun bildu ziren. Giroa oso beroa izan zen hasiera-hasieratik eta saioa oso-oso bizia. Bertsolariak oso maila onean aritu ziren eta horixe sumatu zen azken puntuazioan. Oso goitik joan zen finalaurrekoa puntuei dagokienez, eta atzoko seikotetik lau BECen jokatuko den finalean izango dira. Unai Iturriaga, Igor Elortza, Xabier Paya eta Etxahun Lekue hain justu.
Iturriagak bildu zuen puntu gehien. Hasi eta buka primeran aritu zen, eta ale ederrak utzi zituen ariketa guztietan. Adibide gisa, kartzelakoan bota zuen bigarrena. Gaia, hauxe zuten: 80 urte bete berri dituzu. Ez duzu familiarik eta herentzia nori utzi, horixe zure kezka nagusia. «Egunero dot atean akreedore ilada/ herio ustel usainera etorriak beharbada/ agure zimel bateri hiru-lau txanpon atara/ ta gero egingo dabe segiduan eskapada/ enaz elizkoia izan, enaz joan mezatara/ harentzat txanponik bapez, nire azken ostikada/ inbertsiño bat ikusi eta hori da euskara/ herri hau aurrera eroan leiken arma bakarra da». Bai Iturriagak eta bai Intxaurragak garbi utzi zuten herentziaren parterik ez zitzaiola elizari iritsiko. Eta Iturriagak eta Payak Bertsozale Elkartearen beharrak aipatu zituzten.
Bigarren tokia Igor Elortzarentzat izan zen. Elortzak ere saio bikaina josi zuen. Oro har, Getxoko finalaurrekoan oso presente egon zen zendu berri den Mikel Laboa, baina Elortzak bereziki gogoratu zuen. Zortziko txikian Igor Elortza eta Eñaut Intxaurraga egokitu ziren. Elortza, gaixo dagoen Olentzero. Eta, Intxaurraga, baja eman nahi dion medikua. Bigarrenean honela bota zuen Elortzak, «Globalizazioa desgrazi galanta/ lelengo gailendu zan behin Bisbalen kanta/ orain txoriak-txori egin deusku hanka/ ta nik huts egitea baino ez da falta».
Baina, kartzelakoan egin zion Laboari benetako omenaldia. Bakarkakoan doinu berria atera zuen, «Izarren hautsa» abesti ezagunetik ateratakoa. Oso ariketa polita egin zuen Elortzak. «Badakizue gizarte zahar hau ez dela santu-santua/ batzuek erdi lapurretan ta besteek pobreen kantua/ ni aberatsa nazen ezkero/ dana salduta milioika euro/ emotea pentsatua/ lehen be euki dot gizarte elkarte hainbesterekin tratua/ Guggenheimean hamaika lapur/ ta horrek gogor patua/ beraz nik lortzen dodan dirua elkarteentzat emon ordua/ gizarteari hartua gizarteari bueltatua», bota zuen hirugarrena. Teknika oso ondo menperatzen duela erakutsi zuen Elortzak. Azken agurrean, «ondo joan da baina ez tope-topera» kantatu zuen. Hartara, BECeko hitzorduan gehiago eman dezakeela eman zuen ulertzera.
Hirugarrena, oraingoz txapela buruan daukan Xabier Paya izan zen. Saioa polito eraman zuen Payak eta mimo ugari jaso zuen entzuleen aldetik. Kartzelakoan, larrituta bezala aritu zen, arnasa estututa une batean. Hala ere, ez zuen hutsik egin. «Astero etorteko gogoak dekodaz/ baina abisu bat egin behar deutsut denporaz/ abenduak 20a Bilbon Santo Tomas/ txorizo batzuk gorde, eginak ganoraz/ final bat dekot baina gero etorriko naz», bota zion hamarreko txikiko ariketan bere harakinari, Eñaut Intxaurragari. Beraz, nahiko garbi zeukan BECerako aulkia gordeta utzi behar zuela atzoko saioan.
Lekue, laugarrena izan zen. Oso seguru aritu zen saio osoan eta kartzelakoan ere, ondo. «Ein beharreko danak ein dodaz bizitzan dagoeneko/ oin astia dot gure herriko gaztetxoak ikusteko/ larri ikusten dodaz nik neure esperientzia tarteko/ krisia dala bateko/ langabezia besteko/ neure diruak itxiko dodaz gazte horiek hartzeko/ ta zelan gastau jakingo dabe nik baino askoz hobeto».
Gorka Ostolaza ere ondo aritu zen saioan barna. Kartzelakoan poto bat egin zuen. Hala ere, itxura ona eman zuen. Ostolazak ere animo oihuak jaso zituen etengabe jendartetik. Azkena, Eñaut Intxaurraga. Une bikainak izan zituen eta bukaerako agurrean berak esan zuenez, hobeto egin zezakeen baina baita okerrago ere. Itxura ona eman zuen.
Sumatzen zen BECerako txartela lortu zuen laukotea mailaz gorago zegoela, baina bai Ostolazak bai Intxaurragak oso maila ona eman zuten, eta saio ederra josten lagundu zuten.
Orain, begi eta belarri guztiak BECen jarriak daude. Bertan jokatuko da Bizkaiko bertsolarien finala datorren abenduaren 20an. Antolakuntzak ohar garrantzitsua eman du: sarrerak abenduaren 18ra arte salduko dira eta, beraz, egunean bertan ez da sarrerarik izango salgai. Lekuek bukaerako agurrean finala ez ezik, Kontseiluaren 10. urtemuga ere izan zuen gogoan. «Komentarioak joango dira oin puntuen inguruan/ baina gurea ez da isla bat ondo dakigun moduan/ Ansion bajatu behar zarie ta ez Barakaldon orduan/ baina data bat ez guk data bi, gorde behar doguz buruan/ BEC errementau egin behar dogu hogeian ta hamahiruan».
Getxon jokatutako azken finalaurrekoan horrela geratu ziren kontuak: Unai Iturriaga (575,5), Igor Elortza (563,5), Xabier Paya (551), Etxahun Lekue (529), Gorka Ostolaza (500) eta Eñaut Intxaurraga (492).
Abenduaren 20an Barakaldoko BECen jokatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala. Finalistak, hauexek: Unai Iturriaga, Iratxe Ibarra, Arkaitz Estiballes, Igor Elortza, Xabier Paya, Etxahun Lekue, Fredi Paia eta Onintza Enbeita.