GARA > Idatzia > > Euskal Herria

ETAri ez esku hartzeko eskatu dio AHTren Aurkako Asanbladak

Proiektuaren aurkako borrokan tresna egokiak informazioa, desobedientzia zibila, ekintza zuzena eta mobilizazioa direla dio AHTren Aurkako Asanbladak -AHT Gelditu! Elkarlaneko kideetako bat-. Inazio Uriaren heriotzaren harira, ETAri gatazkan ez esku hartzeko exijitu dio, «AHT gelditzeko borroka moldeen zilegitasunari buruz hausnarketa zabaltzeko eta herri mugimenduaren autonomiari eusteko». Bultzatzaileei oharra: ez dezatela atentatua proiektua inposatzeko erabili.

GARA |

AHTren Aurkako Asanbladak -AHT Gelditu! Elkarlaneko kideetako bat-, proiektuaren aurkako borrokaren eta azken egunetako gertakarien harira, jakinarazpena kaleratu du bere gogoetak plazaratzeko. Oharrean AHTren aurkako oposizioak ahalik eta zabal, herrikoi eta parte-hartzaileena izan behar duela nabarmentzen dute: «Informazioa, desobedientzia zibila, ekintza zuzena eta mobilizazio masiboak dira AHT geldiarazteko tresna egokiak».

Asanbladaren hitzetan, AHTrekiko kritika, proiektu horren oinarrian dagoen sistema sozialaren kritika zorrotzaren baitakoa da; izan ere, «AHTren aurkako borrokak gizartea desarrollismoak dituen ondorio ekologiko eta sozial larriez jabetu dadin baliagarria izan behar du». Zentzu berean, estatuek eta kapitalismoak egunerokotasunean lurrari eta pertsonei noziarazten dieten biolentzia bezalakorik ez dagoela ohartarazi dute.

Inazio Uriaren -AHTren eraikuntza lanetan diharduen Altuna y Uria enpresako burua- heriotzaren harira, asanbladak, ETAri gatazka honetan ez esku hartzeko exijitzen dio. «Exijentzia hau ez zaio inondik ere Estatu espainiarraren politika `antiterroristaren'ren gibelean jartzeari zor, AHTren inposizioa gelditzeko borroka moldeen zilegitasunari buruz hausnarketa zabaltzeko eta herri mugimenduaren autonomiari eusteko daukagun asmo-erabakiari baizik», argitu du.

AHT bultzatzen duten alderdi politikoei eta enpresei berriz, ekintza burutuen politika ezarri izana leporatzen diete, izan ere, «egitasmo hori inposatzeko bide guztiak erabiltzen dituzte». «AHTk gizartean eta ingurumenean izango dituen ondorioak ezkutatzea, informazio intoxikazioa, oposizioarekiko polizia jazarpena, obren militarizazioa, gezurrezko propaganda eta AHTren inguruan gizartean dagoen desadostasun sakona agerian jarri duten herri galdeketa eta era guztietako adierazpenen aurrean erdeinua erakutsi dute», kritikatu dute. Eta honakoa eskatu dute: «Inork ez dezala Inazio Uriaren hilketa AHT inposatzeko asmoa indartzeko erabili».

Komunikabideei dagokienez, «gehiengoak borroka hau hasieratik mespretxatu eta ondoren zeharo desitxuratuta» agertu duela salatu dute, eta «Inazio Uriaren hilketaren ondotik, sarraskijaleen gisara, asmo zekenek bultzatuta, AHTren aurkako oposizioari nola edo hala prestigioa kentzeko eta kriminalizatzeko asmoz intoxikazio kanpainan buru-belarri ari dira», gaineratu dute.

Inazio Uria enpresariaren familiak ere oharra kaleratu zuen atzo astebete ETAk hil zuen toki berean egindako elkarretaratzean. Bertan, familiak eskerrak ematen dizkie «beilatokira eta hileta-elizkizunera etorri eta elkarretaratzeetan eta Inaxio agurtu zuen manifestazioan parte hartu zuten guztiei. Eskerrak eman zizkieten bereziki «Inazio Uria edo haren enpresarekin harremana zuten pertsonei eta enpresa munduko erakunde guztiei, oraindik ere bidaltzen jarraitzen duten dolumin eta saminezko mezu etengabeengatik».

Inazio Uriaren familiak astero, asteazkenetan 13.00ean, elkarretaratzea egiten jarraitzeko asmoa erakutsi zuen, sentitzen duten samina adierazteko eta haren oroimena bizirik gordetzeko. Hala ere, ekimenaren lagun eta familiarteko izaera errespetatzeko eskatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo