GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Heldu den 17an Hezkuntza Sailaren legea arbuiatzera dei egin du IAk

Lakuak hizkuntza ereduen erreforman aurkeztutako proposamenari uko egin eta, era berean, Hezkuntza Sistema Nazionala aldarrikatzeko Eskolak Euskaldundu ekimenak mobilizazio eguna iragarri du 17rako. IAk bat egin, eta bertan parte hartzeko gonbita egin dio ikasleriari.

p017_f02_011x111.jpg

GARA |

Datorren asteazkenean mobilizazioak izango dira Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko ikastetxe zein karriketan ikasleria euskaldunduko duen Hezkuntza Sistema Nazionala aldarrikatzeko, eta, era berean, Lakuako Hezkuntza Sailak hizkuntza ereduen erreforma egiteko aurkeztu duen lege proiektua arbuiatzeko.

Eskolak Euskaldundu herri ekimenak iragarri du mobilizazio eguna, eta atzo, Ikasle Abertzaleak ikasle mugimenduak deialdiarekin bat egin, eta mobilizazioetan parte har dezan gonbita berezia egin zion euskal ikasleriari. Are gehiago, asteazkenerako, 11.30etik 13.30era, ikastetxe eta fakultateetan lanuzteak antolatu dituztela jakinarazi zuten Bilbon egindako agerraldian.

Euskarak bizi duen egoera «beltza» da IAko kideen aburuz, eta egun, gure hizkuntza bizirik egotea «herri gogoaren lorpena» izan dela nabarmendu zuten prentsaren aurrean. Horiek horrela, euskararen geroa ere bermatzeko euskal herritarrek egin beharreko mobilizazioa goraipatu zuten, eta datorren asteazkenean herrietan antolatuko diren manifestazioetan parte hartzeko deia egin zuten.

IAko eledunak bat etorri ziren Eskola Euskaldundu herri ekimenak egindako irakurketarekin, eta Tontxu Campos sailburuak aurkeztutako lege proiektua «hutsunez betea, zehaztugabea, malgua eta oso kaxkarra» dela eman zuten aditzera.

Euskal Herri osoan eskolak euskalduntzeko Hezkuntza Sistema Nazionala beharrezkoa dela deritzote, eta euskararen ofizialtasuna eta hizkuntza politika integrala galdegin zituzten. Afera honen soluzio globala Lakuaren eskuetan ez dagoen arren, soluzio partzialak eskain ditzakeela uste dute; haatik, aurkeztutako lege proposamena «konponbide izatetik urrun» dagoela nabarmendu zuten.

Camposen lege proiektua aztertu zuten Bilbon egindako agerraldian. Testuak irakasgai ez linguistikoen %60 euskaraz eman behar dela dioen arren, praktikan, klase orduen %52ra murrizten da kopuru hori Eskolak Euskaldunduren hitzetan, hortaz, «egun indarrean dagoen B ereduaren azpiko proposamena» dela nabarmendu zuten. Herri ekimenak kritikatutako beste elementu bat euskara mailaren zehaztasun falta da, lege proiektu osoan ez baita zehazten zein ezagutza maila lortu behar duten ikasleek.

Proposamena gogor kritikatzeaz gainera, ibilbide osoan zehar ikasleria aintzat hartu ez izana salatu zuten IAko bozeramaileek, eta «kaltetutako subjektua» ikasleria dela gogorarazi zuten agerraldian.

Ikasleria aintzat hartu gabe

Ainhoa Mendibil eta Gorka Zozaia ikasle mugimenduko kideek EAk Bilbon duen egoitzaren aurrean eman zuten prentsaurrekoa, alderdi hori baita «lege iruzurti honen erantzulea», haien iritziko. Hitz gogorrak izan zituzten Unai Ziarretak zuzentzen duen alderdiaren kontra, IAren ustez, «EAJ eta PSE pozik uztea, herritarren eskubideen gainetik jarri du-eta» EAk. Azken 26 urteetan, 400.000 herritarrek euskara ez ezagutzearen ardura egotzi zion ikasle antolakundeak EAJ eta EAri; eta orain, azken lege proposamen honekin «egoera hau denboran infinituki luzatzea bilatzen dutela» salatu zuten.

LANUZTEAK

Herrietan egingo diren mobilizazioez gain, Ikasle Abertzaleak mugimenduak lanuzteak deitu ditu Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiako ikastetxe eta fakultateetan. Bi orduko etenaldia izango da, 11.30etik 13.30era.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo