GARA > Idatzia > > Euskal Herria

EAJk bandera espainola dela-eta duen jarrera kritikatu du Bai EHri ekimenak

GARA |

EAJk, EBk, PSE eta PPrekin batera Gasteizko Parlamentuan bandera espainola jartzeko prestutasuna erakutsi ondoren, haserre agertu da Bai Euskal Herriari herri ekimena eta gogor gaitzetsi du talde jeltzalearen jarrera.

Bandera ezarri izanak «Espainiar agintearen erakusle iraunkorra» izan nahi duela deritzo herri ekimenak eta horrela, Gobernu espainolaren «Euskal Herriaren nazio izatearen ukazioan oinarrituriko ildo politiko-juridikoa» Euskal Herrian abian dela adierazi du.

Kritikaz gainera, hitz politak izan zituen Bai Euskal Herriari herri ekimenak EA eta Ezker Abertzalearentzat, horiek izan baitira, haren ustez, bandera espainola jartzearen aurka agertu diren bakarrak; Ezker Abertzaleak, EAJ bandera espainolaren aurrean makurtzen dela salatuz eta Eusko Alkartasunak berriz, ikurrina bakarrik jartzea proposatuz.

Ikurrinak euskal instituzio orotan egon behar duela defendatu zuen herri ekimenak eta «Euskal Herriaren izatea eta etorkizuna bahitzen duten sinboloak» aldiz, tokirik ez dutela nabarmendu zuten komunikabideei igorritako oharrean.

Larunbatean Leitzara

Gure ikurrak defendatzeko eta indarrak biltzeko garaia dela sostengatu du Bai Euskal Herriari herri ekimenak eta horretarako, «Geurea Ikurrina» dinamikaren baitan konpromisoak hartzera deitu ditu herritarrak. Batetik, www.geureaikurriña.org webgunean bere babesa agertzera gonbidatu ditu herritarrak. Eta,bestetik, etzi, ikurrinaren alde eta inposizioaren aurka, Leitzan egingo den manifestazio eta ekitaldi nazionalean parte hartzeko deia egin du.

Bai Euskal Herriari ekimena da egunaren antolatzailea, eta jada laurogei bat leitzarren eta bertako elkarte ugariren babesa jaso du ikurrinaren aldeko jaialdi honek.

Eguerdiko 13.00tan abiatuko da manifestazioa herriko plazatik. Horrez gain, egun osoan izango da zer eginik Nafarroako herrian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo