GARA > Idatzia > > Mundua

Kolera hedatzen ari da Zimbawen eta 774 pertsona hil dira jada gaitzak jota

Kolera hedatzen ari da Zimbawen. Dagoeneko 774 pertsona hil dira eta urgentziazko neurriak hartu ezean 60.000 lagun kutsa litezke. Hala ohartarazi zuen atzo Osasunerako Mundu Erakundeak. Edateko ur eskasiak eta zerbitzu mediku urriak izateak egoera larriagotu du.

p024_f02_148x108.jpg

GARA |

Kolera Zimbaweko herrialde guztietan zabaldu da dagoeneko. Osasun Ministerioaren arabera, abuztutik abenduaren 1era arte 11.735 kasu izan dira. Horietatik, 484 hil direla aditzera eman du. Osasunerako Mundu Erakundearen arabera, ordea, dagoeneko 774 dira gaitzak jota hildakoak. Kopuru hori, dena den, behin-behinekoa da, hilaren 8ra arteko datuen araberakoa baita. «Datuak egunero aldatzen dira», ohartarazi zuen erakundearen bozeramaile Fadela Chaibek, Ginebran duten egoitzan eginiko agerraldian.

Urgentziazko neurriak hartu ezean eta izurriteak kontrolpetik ihes eginez gero, 60.000 lagun kutsa daitezkeela esan zuen. 24 ordutan, antzeman dituzten kasuak 13.960 izatetik 15.219 izatera pasa dira.

Gehien kaltetutako ingurua Budiriro da. Harare hiriburuko kanpoaldean kokatuta dagoen auzo behartsu eta jendetsu honetakoak dira kasuen %50. Beitbridgen, Hegoafrikarekin muga egiten duen hirian, %25 antzeman dira. Chegutun y Mvumanen ere agertu da gaixotasuna.

Hegoafrikako, Botswanako eta Mozambikeko gobernuek zenbait herritan (Musinan, Palm Treen eta Guroko barrutian hurrenez hurren) kolerak kutsatutakoak badirela adierazi dute.

Uraren eta kutsatutako jakien bidez zabaltzen da gaitza. Edateko ur falta eta zerbitzu medikuen eskasiak egoera larriagotu du Zimbawen. Ura kudeatzen duen aginpideak egungo hornikuntza arazoak eta estolda sistema albait lasterren konponduko dituela hitz eman du. Horrez gain, Zimbaweko hiru ospitale garrantzitsuenak itxi behar izan dituzte krisi ekonomikoa dela-eta. Gaixo askok Hegoafrikara joan behar izan dute osatzera. Hala ere, Robert Mugaberen Gobernuak egoera kontrolpean dagoela esan du behin eta berriz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo