GARA > Idatzia > > Kultura

Sinbologia bidezko «Bidaia» da Koldobika Jauregik sortutako lana

Ikonoek gidatutako «Bidaia» da Koldobika Jauregi alkizarraren azken lana, eta erretaulak, erliebeak eta zilarrez egindako bitxiak baliatzen ditu bertan sinbologiaz betetako ibilbidea eraikitzeko. Bidaiaren lehenengo geldialdia Donostiako Ekain galerian egingo du otsailaren 11ra arte.

p042_f01_097x076.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Koldobika Jauregi eskultore alkizarrak bidaiarako aukera eskainiko du gaurtik hasi eta datorren otsailaren 11ra bitarte Donostiako Ekain galerian ezarri duen erakusketa baliatuta. Hirurogei pieza inguruk osatzen dute bere lan berria, «Bidaia» izenekoa. Erretaulak eta erliebeak sortu ditu gehienbat, baina zilarrez eta urrez egindako bitxiak ere aurkezten ditu obra honetan. Guztien gainetik, baina, ikonografia erabili du komunikazio kanal gisa.

Denetariko zeinuak agertzen dira bilduma horretan, horietatik asko beste kultura batzuetatik hartutakoak. «Zirkulua Ekialdea irudikatzeko erabiltzen dut eta gurutzea, Mendebaldea irudikatzeko. Horrez gain, budismotik eta Indiako kulturatik datozen beste sinbolo batzuk erabili ditut», azaldu zuen. Horien artean dago, adibidez, bi gurpilen irudia -egoera guztien jarraikortasuna azaltzen du-, edo «loretxoak diruditen marrazkiak» -gorputzean dugun energia puntua irudikatzeko-.

Nora ote doa ate hori?

Pieza batean baino gehiagotan agertzen den ikonoetako bat atea da. Atearen beste aldean zer dagoen jakiteak sortzen duen «magia» usu erabiltzen du Jauregik bere lanetan. «Zer egongo ote da ate horren atzean? Horrelako gauzak planteatzen dizkiot ikusleari. Liburuaren orrialdeak pasatzearen sinbologia ere erabiltzen dut, ate bat zabaltzearen antzekoa baita, eta horrekin batera txertatzen ditut gainontzeko elementuak».

Jauregik elizetarako lanak egiten hasi zuen bere ibilbidea eskulturaren munduan. Bertan ikasi zituen hainbat teknika, batez ere, erretaulak egitekoak eta barneko piezen elaborazioa. Horrela, oholtzak ohiko bidaide dira bere lanetan «Mendebaldean oso ugariak direlako».

Bere inspirazio iturriei buruz galdetuta, «gogoeta orokorretara» jotzen duela azaldu zuen. «Eguneroko bizitzak ematen dizkizu gogoetak egiteko oinarriak eta gogoeta horietatik sortzen da obra. Baina ez ditut nire gauzak kontatzen, hizkuntza orokor bat erabiltzen dut». Bere iritziz, era zabalenean irakurrita, «guztiok ditugu arazo berdinak eta gogoeta nahiko antzekoak egiten ditugu. Ez dut uste garrantzizkoa denik nire buruko minak kontatzea bakoitzak bereak dauzkalako. Beraz, gogoeta orokor bat egiten dut denoi interesatzen zaizkigun gauzen inguruan eta, zentzu horretan, mundu osoan ezagunak diren ikonoak erabiltzen saiatzen naiz», esan zuen.

Bere lana ikustera doazenei «gogoetarako denbora hartzea» eskatzen die Jauregik. Izan ere, bidaia bat egitea ez da korrika joatea: «Bidaia bat egitea herriz herri geratzea da, eta bide horretan zer gertatzen den ikustea. Normalean autobideetatik abaila bizian joaten gara leku batetik bestera eta ez gara ohartzen garai bateko errepideetatik joanda gertatzen denaz. Bide hori hartuko bagenu, beste erritmo batean joango ginateke, eta gauzak beste modu batera ikusiko genituzke. Beraz, bidaiaren abiadura aldatzea eskatzen du lan horrek».

Euskal kulturaren bidaia nondik nora doan galdetuta, ezkor agertu zen alkizarra, eta «bizirik mantentzen gaituen kulturaren inguruko egitasmo orokorrik» ez egotea deitoratu zuen. Bere hitzetan, asko dago egiteko arlo horren baitan, baina etorkizuna ez du oso argi ikusten.

DENBORA

«Gogoetarako denbora hartzea eskatzen diet obraren ikusleei. Bidaia bat egitea herriz herri geratzea da, eta bide horretan gertatzen dena ikustea. Bidaiaren abiadura aldatzeko galdegiten du lan horrek».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo