GARA > Idatzia > > Ekonomia

Baionako MIGeko langileek ez dute Bordeleko Ganberaren menpeko izan nahi

GARA |

Estatuko Merkataritza eta Industria Ganberen (MIG) Batzarrak Gobernuko ordezkariei erreformari ekiteko beren borondate ona Parisen adierazten zien bitartean, Baionako MIGeko langileek bi oreneko lanuztea egin zuten erreformarekin ados ez daudela berriro adierazteko. Langileek moldaketak egitea onartzen dute, baina ez dute begi onez ikusten Bordeleko MIGaren menpeko izatea.

Batetik, aurrerantzean langileak handik kudeatuko dituztelako zuzenean eta, bestetik, oraindik ez dakitelako zehazki zein zerbitzu geratuko diren Baionako Ganberan.

Jean-Marie Berckmans presidenteak duela egun batzuk adierazi zuen Baionako MIGek bere ondarea, dituen emakidak (Baionako eta Donibane Lohizune-Ziburuko portuen kudeaketa), bi eskolak (Estia eta Merkataritzakoa) eta izaera publikoa atxikiko dituela.

Alta, une hauetan negoziatzen ari dira langileriaren kudeaketa noren esku geratuko den, eta bai zein izango den MIGek izango duen solaskide ofiziala ere (dirudienez egungo sistema gordeko da, hots, hautatutako presidente bat eta zuzendari bat).

Beste zailtasun garrantzitsua, ordea, aurrekontuarena da. Izan ere, lorpen horien ordainetan, Baionako MIGek enpresen zerga gehigarriagatik biltzen duen dirua Bordeleko Ganberara joango litzateke eta, horrenbestez, Baionakoak bere aurrekontuaren %19 galduko luke.

Zentralizazioaren «muga»

Berckmansek berrantolaketa beharrezkotzat jo du, baina beldur da «muga» non ote dagoen, batez ere, «gehiegizko zentralizazioa» gerta ez dadin, zerbitzuen gertutasunaren eta Ipar Euskal Herriko garapenaren «kalterako» izango litzatekeelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo