Urrunekoa argi ikusi eta bertatik bertara itsu
Atzo, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna, Lakuako Gobernuak Giza Eskubideen René Cassin saria eman zien bi hegoafrikarri, Desmond Tutu Nobel sariari eta Roelf Meyer Hegoafrikako ministro ohiari, hain zuzen. Bi sarituak herrialde hartako apartheid egoeraren kontrako borrokan eta bake prozesuan nabarmendu ziren. Beraz, inork gutxik jartzen bide du zalantzan biek ala biek sari hori eta beste edozein merezi dutela. Zalantza handiagoa sortzen du Lakuaren zintzotasunak, aldarrikatzen duena eta egiten duenaren arteko aldea ikusita, Hegoafrikako apartheid egoera hain argi ikusi eta haren aurkako borrokalariak saritzen dituen aldi berean, ez baitu gertukoa ikusten edo, behinik behin, ez ikusia egiten baitio. Lakuako Gobernuko alderdiek badute bi hegoafrikar sarituen lana eskertzeko beste modurik, haien lana eredu hartuta; esate baterako, Alderdien Legearen ondorioz instituzioetatik kanpo dauden herri ordezkarien bazterketa onartu beharrean, haien ordezkaritza instituzionala bermatuz. Eta bazterketa eta herritarren borondatea ukatzen duen inposizioaren aurka Desmond Tutuk eta Roelf Meyerrek erakutsitako adorea eta pazientzia bezala, herri honetan bertan erakutsitakoak ere saritu litzakete. Adibidez, Lizartzako bizilagunenak. Beharbada ez lukete saririk nahi izango, baina are gutxiago eurek hautatu ez zuten alkatea.