Azken egunotako istiluen ostean, greba orokorra Grezian, krisi larri baten adierazle
Atzo, Alexandros Grigoropoulos gazte greziarraren heriotza argitu bitartean, Grezian greba eguna izan zuten, Gobernuak egin duen krisiaren kudeaketa kaskarra eta eskubide sozialen bermerik eza salatzeko. Greba erabatekoa izan zen eta arrakasta horretan 16 urteko mutilaren heriotzak zerikusia izan bide zuen. Hala ere, atzoko grebarako deia gaztea hil baino lehen egindakoa zen. Eta aurreko egunetako istiluak, atzo jarraitzen zutenak, gaztearen heriotzak leherrarazi bazituen ere, Greziako egoera sozioekonomiko txarraren eta haren kudeaketaren ondorio dira, Gobernuan izandako ustelkeria kasuak ahaztu gabe. Horiek guztiak dira egunotako matxinaden kausak, Grigoropoulos gaztearen heriotzak areagotu egin zituenak, Poliziaren bortizkeriaren erakusgarri izan baitzen. Hartara, krisi sozioekonomikoari ez ezik, politikoari ere aurre egin behar dio Gobernuak. Eta haren erantzuna errepresioa izan da, atxiloketak eta Poliziaren oldarraldi bereizi gabeak, Amnesty Internationalek salatu duenez. Hortaz, Grigoropoulosen heriotza ez da Gobernu horren arazo bakarra. Eta arazo horiek nekez konponduko ditu errepresio gehiagorekin.