Santi Angulo Martin Irakaslea
Eskola Agenda 21
Duela aste batzuk prentsan Eusko Jaurlaritzak Eskola Agenda 21ean ehunka eskola eta milaka ikasle eta irakasle ari direla adierazi zuen. Gaurko haurrak kontzientziatzeko ekimenari garrantzia kendu gabe, hainbat aipamen egin nahi dut gutun honetan.
Lehenik eta behin, duela sei bat urte Hezkuntza Sailak eskolak Agenda 21ean sartu behar zirela agindu zuen. Ekimen honetan parte hartzeko agian hainbat eskolatan eztabaida egon da, baina beste askotan agindutakoa bete besterik ez da egin. Hau da, gurasoek, irakasleek eta ikasleek ez dute horren beharraz eztabaidatu eta gero erabaki. Goitik zetorren agindua zen eta bete beharrekoa, kito. Beraz, ekimena behartua baldin bada, non dago meritua? Halaber, erraza iruditzen zaigu menpekoak aginduak betetzera behartzea, baina agintean daudenei dagokienean, beste kontu bat da. Esaterako, zergatik ez da udalekin gauza bera egiten? Zergatik ez ditu Eusko Jaurlaritzak udal guztiak Agenda 21eko foroa abian jartzera behartzen? Errenteriako Udaleko arduradunak argi esan zuen berak ez zuela zirku hori martxan jarriko. Agenda 21eko foroaz ari gara. Haurrekin bai, baina helduekin ez, zergatik? Jakina, zirkua haurrentzat da egokia.
Bigarrenik, egun hauetan Eskola Agenda 21en jardueren artean, uraren kontsumoaren gainean ari dira lanean zenbait eskolatako haurrak, lan ildo gisa, uraren garrantzia hartu baitute. Ekimen honetan haurrak uraren erabilera egokiaz eta kontsumoa gutxitzeko beharraz jabetzeko hainbat jarduera prestatu da. Bitxia da haurrekin egiten dena, gero helduekin errespetatzen ez dena. Hain zuzen ere, Errenteriako Udalak tasak igo izana defendatzeko hauxe izan baitzen gobernuko kide baten adierazpena: «Azken urtean kontsumoa jaistean, diru-sarrera gutxiago izan denez eta kostua berbera denez, uraren tasa % 12 igotzea justifikatua da». Hau da, kontsumoaren gutxitzea saritu beharrean, zigortu egiten da. Beraz, zertan ari gara haurrei ur gutxiago kontsumitu behar dela esaten, gero gurasoek garestiago ordaindu behar badute?
Hirugarrenik, gaurko haurrak, laster gazte bilakatu eta geroko helduak izango dira eta, agian, zorte pixka batekin, kontzientzia handiagoa izango dute ingurumenaz. Baina, ingurumenarekin oraintxe gertatzen ari dena aztertzen badugu, haurrekin alferrikako lanean ari gara, azken batean, gero ezin izango dute ezer erabaki, agintariak herritar guztioi dagozkigun erabakiak hartzen ari baitira, inolako eztabaidarik gabe. Haiek zer egin erabakitzen dute eta enpresariekin soilik biltzen dira, tartaren zatiak banatzeko. Hau al da gure haurrei erakutsi behar diegun eredua? Nik agintzen dut eta zuek isilik! Horretarako hainbeste zalaparta Eskola Agenda 21ekin? Noiz kontzientziatuko dira agintariak honelako erabakietan denok parte hartu behar dugula?