Asier Lauzurika EHBEko kidea
Batu ditzagun indarrak bestelako unibertsitate eredu baten alde!
Unibertsitateko bazterrak nahastu eta hautsak harrotu dituen zurrunbiloak trapu zaharrak aireratu eta agerian utzi ditu Unibertsitatearen txokorik ezkutu eta zikinenak ere. Gaur ere euria ari du. Eta bihar... Biharko eguzkia gure esku dago. Hauteskundeen zurrunbilotik atera, eta estrategikotasunez heldu behar diogu unibertsitate ereduen inguruko aferari
Azken egunotan hamaika izan dira, UPVko errektore hauteskundeen harira, Unibertsitatearen inguruan agertu diren iritziak. Hamaika iritzi eta hamaika ekintza hauteskunde lehiako zurrunbiloan murgildurik; heldutasun politikorik ezean, antzezlan tragikomiko bat irudikatuz. Iskanbilak iskanbila, hauteskundeak pasa dira, zurrunbilotik atera gara; baina ezer gutxi aldatu da: gaur ere euria ari du eta euskal unibertsitarioon eskubideek urraturik jarraitzen dute. Euria ari du eta berdin jarraitzen dugu, baina Unibertsitateko bazterrak nahastu eta hautsak harrotu dituen zurrunbiloak trapu zaharrak aireratu eta agerian utzi ditu Unibertsitatearen txokorik ezkutu eta zikinenak ere. Unibertsitatea larrugorrian geratu da.
Bi hautagai genituen lehian: Marisol Esteban eta Iñaki Goirizelaia. Askorentzat Marisolekin otsoa zetorren Unibertsitatera eta Goirizelaia omen zen Unibertsitateko artaldea salbatuko zuen artzaina. Beste batzuentzat, ordea, Marisol otsoa zen, baina Goirizelaia, artalde artean zelatan zebilen ardi larruz jantzitako otsoa ere bazen. Ez gara hasiko orain bataren eta bestearen arteko antzekotasun eta ezberdintasunak zerrendatzen, jakinik antzekotasunak direla nagusi. Biek ala biek, unibertsitate eredu bera gestionatzeko apustua egiten zuten, bakoitzak bere estiloan, baina Unibertsitatea errotik aldatuko zuen inolako apustu politikorik proposatu gabe. Hortaz, bi gestore genituen lehian, baina unibertsitate eredu bakarra. Azkenean artzaina edo ardi larruz jantzitako otsoak irabazi du eta orain arteko unibertsitate eredu zaharkitua gailendu da. Txistu eta danbolin hotsez iragarri ziguten gauzek orain arte bezala jarraituko dutela.
Kontua ez da Unibertsitatea zeinek gestionatuko duen, baizik eta zer nolako unibertsitate eredua bultzatuko duen. Eta argi dago biek, orain arteko Espainiaren zein interes ekonomikoen menpeko unibertsitate eredu erdaldun, antidemokratiko eta eskubide urratzailea bultzatzen jarraituko dutela. Hala izan da UPVk bizi izandako 27 urte luze hauetan eta hala izaten jarraituko du, horren aurka borrokatzen ez bagara behintzat.
Beste behin ere, agerian geratu dira Unibertsitate zaharkitu honen egiturazko mugak eta gabeziak. Argi geratu da, errektoreak errektore, unibertsitate eredua bera, bere egitura, dela estatuen zein interes ekonomiko neoliberalen menpekoa, erdalduna eta antidemokratikoa. Eta argi geratu da ere, unibertsitatea gestionatuko duten katedradun gestoreak baino, eredua bera dela aldatu beharrekoa.
Euria ari zuen hauteskundeak hasi aurretik. Euria ere hauteskundeak bitarte, are kazkabarra eta elurra ere. Eta gaur... euria ari du.
Gaur ere ezinezkoa da Unibertsitatean euskaraz ikasi, lan egin eta bizitzea; euskaraz ikertzea, sortzea... Gaur ere demokrazia ezak agintzen du egunerokoan; funtzionario doktore zein katedradunen erreinuan jarraitzen dugu eta ikasleen, irakasle eta ikerlari prekarioen, administrazio eta zerbitzuetako langileen, bekadunen... hitzak bahiturik jarraitzen du; campusek segurtasun indarrez zein kameraz josita jarraitzen dute; despotismoak eta inposizioak, parte hartzea eta kritikotasuna zapaldu dituzte. Gaur ere Unibertsitateak estatuen eta interes ekonomikoen menpe jarraitzen du, euren araberako gestio ekonomiko, ikasketa plan zein ikerketa lerroekin.
Gaur ere euria ari du. Eta bihar... Biharko eguzkia gure esku dago. Hauteskunde zurrunbilotik atera, eta estrategikotasunez heldu behar diogu unibertsitate ereduen inguruko aferari; abiapuntua zein helburua argi izanik, horretara iristeko jorratu beharreko bideak adostuz. Euskal Herriak eta euskal unibertsitariook bestelako unibertsitate eredu bat behar dugu, nahi dugu, eta gainera, izateko eskubidea dugu. Euskaraz ikasi, lan egin, ikertu, sortu, amestu... eta bizi nahi dugulako, unibertsitate euskalduna behar dugu; euskararen alma mater-a izango dena. Herria garelako, parte hartu, gure hitza hartu eta erabaki nahi dugulako, unibertsitate demokratiko eta parte hartzailea behar dugu. Euskal Herriak bizi behar duelako, herriak bizi nahi duelako eta pertsonok aske eta osoki garatu nahi dugulako; Euskal Herriaren eta euskal herritarron beharren zein garapenaren arabera funtzionatuko duen unibertsitatea behar dugu. UPVk zein egungo bestelako unibertsitateek horri guztiari erantzuteko egiturazko mugak dituztelako, Euskal Herriak bestelako unibertsitate bat behar du, alegia, Euskal Unibertsitatea behar du.
Behar dugu, nahi dugu, eskubidea dugu... eta gure esku dago! Batu ditzagun indarrak egungo unibertsitateen zutabe zaharkituak irauli, egiturazko mugak gainditu eta bestelako unibertsitate eredu bat eraikitzeko. Asko eta garrantzitsuak dira urteetan zehar herri honek bide horretan eman dituen urratsak; baina asko dira ere oraindik eman beharrekoak. Ilusioz, gogoz, ausardiaz eta konpromisoz lan eginez gero, posible da. Batu gaitezen Unibertsitateko ikasleak, irakasle doktoreak, ikerlariak, irakasle prekarioak, administrazio eta zerbitzuetako langileak, bekadunak, katedradunak... eta lan egin dezagun unibertsitate propio, euskaldun, herritar eta nazional baten alde.
Gaur euria ari du. Eta bihar... eguzkia aterako da! Ekin diezaiogun lanari!