GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Aktiboa izateko tenorea

Lurra interes komuna dela kontzientzia galdu duen munduan, nola ulertarazi bere lurra defenditzen duenak interes komuna defenditzen duela eta denen babesa behar duela?

Arduradun politikoen eta goi mailako teknikari eta teknokraten konfiantza izateko itxura hartu dute eta hori saldu nahi izan dute autopistaren zabaltzeko proiektuaren aurkezpenean. Joan den astean esan ziguten orain arte, egunero, Ipar Euskal Herria zeharkatzen duten kamioi kopurua bederatzi milakoa dela eta hemendik hogei urtera hamabost milakoa izanen dela. Alegia, aurreikuspenak ez dituztela inondik aldatu, garraio politika ez dutela inondik egokituko. Orain arte zeuden proiektuak onak dira, horretarako bozkatu ditugula orain dauden politikariak. Sekulako krisia heldu omen zaigu, baina garraio mailan ez da urratsik emanen, autoari eta bideko garraioari ez zaie alternatibarik bilatzen. Nork bilatu behar ditu, diru publikoa haien esku dagoelarik?

Demokrazia omen da, ASF enpresak tokiko jendearen aurka eraman duen erasoa estatuak sostengatzea, ez omen zen desorekarik, zuzena omen zen, zabaltzearen egokitzearen alde ari zirenak tresna aski zituzten bere interesen babesteko. Emaitza ona omen da, ASFek helburua lortzen dute, ehunka milioi bide baten zabaltzeko inguruko biztanleen osasuna hondatuko delarik kutsaduraren emendatzearekin. Autoaren erreinua, krisiaren erdian eta biztanleei lurra lapurtzeko estatuaren baimenarekin.

Elkartasuna? Hirian bizi denari, norberaren etxebizitzaren jabetzaren kontzientzia soila duten biztanleentzat, lurra interes komuna dela kontzientzia galdu duen munduan, nola ulertarazi bere lurra defenditzen duenak interes komuna defenditzen duela eta denen babesa behar duela? Kasu horretan ez dugu iritzi erreferendumik antolatua ikusi. Interes publikoa deitzen diote horri. Modernitatea bidean kokatua omen da, toki batetik bestera joan auzokoa ezagutu gabe. Hori omen da mundua ezagutzea! Ministerioetan erabakitzen dena ez da demokraziaren kalitatearen seinalea, demokrazia da debatea eta interes komunen zerbitzurako erabakitzen diren lanak martxan ematea.

Lan erraldoi horien hastapena ospatzen zutelarik, AHTren obrak aipatuko zituzketen bi xanpain kopen artean. Krisiaren aterabide gisa aurkeztuko baitigute laster, obra erraldoiek lana ekartzen dutela-eta. Hor ere, publizitate kanpainen bitartez AHTren abantaila izugarriak goraipatuko dituzte behin eta berriz, alegia nahiko dugularik Parisera joan gaitezkeela denborarik galdu gabe. Baina ez dugu Parisera joan nahi ! Bilbora joan nahi genuke tren publikoa hartuz, eta gure herriak zerbitzatuko lituzkeen tren batean. Garaziraino joan nahi genuke trenez. Baina, gure politikoek entzunen al gaituzte? Ez dute ez halakorik erakusten. Donibane Lohizune-Hendaia arteko bidean erregularki istripu larriak gertatzen dira eta horien berri ez dugu izaten askotan, kopuru horiek ez dituzte aipatuko; aldiz, autopistan gertatzen diren istripu kopuruak ozenki eta sarri emanen dituzte, zabaltzea denen onerako dela errateko. Herritarrarentzat aktiboa izateko tenorea da!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo