GARA > Idatzia > Kirolak > Mendia

BOULDER 8b+ proposamenabobadas alpinas

Urte bikainari amaiera bizi zein bitxia

Hilaren 3an, Ekaitz Maizek «Harribizi Harribitxi» blokea (Aizpun) osatu zuen. Etxauriarraren ustez 8b+ izan daiteke. Horretaz gain, bistaz eginiko bere lehen 8b mailakoa sinatu du: «Karma» (Lezaia).

p044_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Ekaitz Maiz bere zailtasuneko laborategian, Aizpunen, saltsan ibili da berriro eta, jakina, etxauriarra han dagoenean berriek suziri baten abiadura hartzen dute. Oraingo honetan kirol eskaladak boulderrari utzi dio lekua, Aizpungo paretak garaiera gutxien duen zatian blokea egiteko leku aparta baitago. Beraz, soka alde batera utzi eta azkenaldiotan buruan zuen proiektu bat askatu egin du: Harribizi Harribitxi (8b+).

Aizpungo sabaiak eskaintzen duen «paretatxo» tente bat jarraitzen du blokeak. Zutik hasten da, helduleku on batetik, eta nahikoa agerikoa den marra horizontal bat segi egin behar da. Amaiera, berriz, Burutik jota bidea (8a) hasten den helduleku handian du.

Harribizi Harribitxi blokeari buruz Maizek berak argibide gehiago eskaini dizkigu: «Aizpungo eskalada tipikoa da: erregeletak, helduleku kamutsak, oso teknikoa, guztiz sabaian... Heren bat teknika da, beste heren bat indarra eta erresistentzia eta geratzen den herena paretak dituen baldintzak. 20 mugimendu ditu, eta, kateatu baino lehen, azken mugimenduan lau aldiz erori naiz. Horrek argi uzten du erresistentzia eskatzen duela; pausoa, berez, ez baita zaila. Erdialdean, bestalde, helduleku kamutsen sekuentzia gogor bat dago, eta horrek erabateko adherentzia eskatzen du. Azken elurteek ekarri zuten tenperatura hotzei esker, sekuentzia hori gainditzeko aukera izan nuen. Argi dut, Anabasa (8a+) eta askatu berri dudan azken bloke hau oso motibagarriak eta ederrenak izan direla; oso gustuko dudan estilo jakin batekoak eta oso gustuko dudan toki berriro batean egin ditudalako».

Eskalatzaile etxauriarrak hiru urte egin ditu Harribizi Harribitxiren atzetik, eta elurra egin duen bakoitzean Aizpunen ikusi dugu blokea probatzen: «Elurte bakoitzarekin erabat motibatu naiz. Nire aurtengo motibazioa nahiko gorabeheratsua izan da. Baldintza onak azaldu eta Aizpunen nintzen. Mugimenduak errepasatuz, sekuentziak egiteko era aproposena pentsatuz... guztiz motibatuta nengoen. Azkenean, neure burugogortasunari zein baldintza onei esker, lortu dut saria».

8b+ graduko proposamena

Maizek bukatu berri duen proiektuaren zailtasunaz hitz egin aurretik, Harribizi Harribitxik duen bloke-biaren irudiari buruz pare bat zehaztasun eman dizkigu: «Pareta ikusita, bloke-bia horren ideia oso sinplea da. Pareta horizontalki zeharkatzen du, eta bide bat hasten den lekuan bukatzen da. Hori bai, pareta bukatzen den lekura arte jarraituko balu, orduan bai bloke-bidea irudituko litzaidake. Zailtasuna blokearena da».

Nahiz eta ia gehienetan soka eta arnesarekin ikusten dugun, Maizek asko atsegin du boulderra. Azken urteotan Aizpunetik at ez du bloke gehiegi egin, baina eremu askotan jo eta ke murgildu da bloke asko probatzen eta egiten: «Blokean estiloak eta morfologiak garrantzi handia dute, bideetan baino handiagoa, eta Aizpunekoak oso estilo berezia du: teknika eta indar nahasketa horretan ondo moldatu eta asko gustatzen zait. Asko poztu eta bete nau bloke hau egiteak. Inoiz eskalatzen egin dudan mugimendu-sekuentzia zailena izan da askatu berri dudana. Jakina, izugarri ona da; hala ez balitz, ez nintzen hainbeste saiatuko».

Harribizi Harribitxirentzat 8b+ graduko proposamena egin du nafarrak, eta horrela, bada, estiloan arras ezberdina bada ere, Euskal Herrian zein Estatu espainolean zailtasun horretako bigarren blokea izango litzateke; aurretik, Larraonan Iker Pouk Sorginetxe blokearentzat gradu hori proposatu zuen.

Blokearekin gutxi ez eta, Maizek, orain bai, sokarekin, bistaz eginiko bere lehen 8b kateatu du. Lezaian izan da, eta bideak Karma izena du: «Bideak ez nau erakartzen, batez ere naturala ez delako; saio bat bistaz eman eta ezer gutxi gehiago merezi du. Muga psikologiko bat hausteko balio izan dit».

Aipatu ditugun bi jarduera horiek eskalatzailearen urte bikaina biribildu dute. Zenbakiei begiratuta pozik dago, eta ez da harritzekoa: 9a, 8c+ zein 8b asko landuta, 8b bistaz, 8b+ blokean... Hala ere, zenbaki eta letren gainetik, bide berriak ekipatu eta hauek kateatzeko ilusioz jarraitzeari garrantzia ematen dio.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo