BOULDER Herri txapelketa
Bloke festa handia Arrasaten
Debagoieneko Eskalada Taldeak antolatutako herri txapelketan ia 90 eskalatzailek hartu zuten parte maila ezberdinetan. Euskal Herriaren eta Arrasateren arteko norgehiagokan lehendabiziko taldeak irabazi zuen.Andoni ARABAOLAZA
Joan den larunbatean ez zen giro Arrasateko kaleetan. Haizeak eta euriak kalean zebiltzanak uxatzeko adinako indarra izan zuten. Herriko frontoian, aldiz, bestelakoa zen giroa. Eskalatzaile uholdea izan zen Debagoieneko Eskalada Taldeak atondutako boulder herri txapelketan. Uholdea inolako zalantzarik gabe; izan ere, santamasetako VII. Punk That Rock deialdira ia 90 bloke zale bertaratu zen. Egitaraua ederra eta betea: goizean maila ezberdinetako lehiak, arratsaldean Euskal Herriaren eta Arrasateren arteko duelua, eta gauean, berriz kontzertuak.
Antolatzaileak zur eta lur utzi zituen eskalatzaileen erantzun bikainak. Oso pozik ziren lortutako arrakastagatik, nahiz eta bildutako jendetza zela-eta lan eskerga izan. Hala ere, ezusteko horri esker, Arrasateko frontoian bloke festa handia bizitzeko aukera izan zen. Eskalada taldekoek goizeko hamaiketarako den-dena prest zuten, lan izugarria egin zuten, eta haien alboan, blokeak sortzen eta hornitzen, Euskal Herriko goi mailako eskalatzaileak izan ziren.
Zortzi bloke guztira ia 90 lagunek beren abilezien erakustaldia egiteko. Bi ordu eta erdiko tartea zortzi bloke horiek askatu ahal izateko. Eta 90 protagonisten artean maila ezberdinetako eskalatzaileak aritu ziren: 15 urtetik beherakoak, 20 urtetik beherakoak, herri mailakoak eta elitekoak. Nahasketa polita eta erakargarria. Gazteek oraingoz harrobia nahiko sendo dagoela erakutsi zuten, herri mailakoek gero eta maila hobea dutela eta elite mailakoek kategoria badutela.
Euskal Mendizale Federazioak dituen egituretan aipatu ditugun zortzi blokeak sortu ziren. Prestatzaileek, berriz, lan polita jarri zieten lehiakideei, eta eskalatzaileek lan bikaina egin zuten. Nahiz eta festa herrikoia izan, antolatzaileek buruhauste handiak izan zituzten. Eskalatzaile andanaren ondorioz ilara luzeak izan ziren bloke bakoitza probatzeko. Haatik, horrek ez zuen festa zapuztu, alderantziz, eskalatzaile guztiek ondo baino hobeto hartu zuten gertatutakoa.
Ikuskizun ederra
Bi ordu eta erdiko lanen ostean, bloke bakoitzean lortutako puntuak batu eta sariak banatzeari ekin zioten. 15 urtetik beherakoen mailan, nesketan, berdinketa izan zen. Hiru neska igo ziren lehen postura: Nahia Bizkaino, Miriam Mulas eta Lara Larrañaga. Mutiletan onena Iosu Galindo izan zen, bigarren Eneko Cantero eta hirugarren Iosu Ofizialdegi. Aipatzekoa da, gaztetxo hauek, beste parte-hartzaileek ez bezala, boulder aretoan jardun zutela; justu frontoiaren beheko aldean.
20 urtetik beherakoen mailan mutilek soilik hartu zuten parte. Iosu Viejok lortu zuen garaipena, Ion Agirre geratu zen bigarren eta Ion Morcillo hirugarren. Herrikoien mailan Ohiane Epelde izan zen irabazle eta, haren atzetik, Olatz Auzua eta Arantxa Ugarte izan ziren bigarren postua lortu zutenak. Mutiletan, lehen postuan ere, berdinketa izan zen: Iker Beamurgia, Ibon Bedialauneta , Aitor Galatas, Zigor Perez, Ibai Bengoa, Iñaki Lete, Andoni Ormazabal eta Gregorio Gallego.
Azkenik, elite mailan, Itziar Rodriguez izan zen garaile, eta Josebe Zarautz eta Veronica Gonzalezek, berdinduta, bigarren postua lortu zuten. Mutiletan garaipena Aritz Dominguezentzat izan zen, bigarren postua Ander Lasagabasterrentzat eta hirugarrena Antton Zabalarentzat.
Horixe izan zen goizeko norgehiagokek eman zutena. Arratsaldean, berriz, Araotzeko eskalada eskolari buruzko hogei minutuko emanaldia ikusteko aukera izan zen, eta ondoren Euskal Herria eta Arrasateren arteko norgehiagoka. Duelu horretan talde bakoitzeko seina ordezkarik hartu zuten parte. Euskal Herria taldekoak hauek ziren: Oier Iribarren, Aritza Dominguez, Jon Sard, Jose Luis Urkizu, Antton Zabala eta Gorka Karapeto. Etxekoak, berriz, ondorengoak ziren: Ander eta Markel Mendieta, Ander Lasagabaster, Iosu eta Iñaki Viejo eta Mikel Velasco.
Lau bloke aurretik eta 20 minutuko tartea bloke bakoitza gainditu ahal izateko. Bigarren eta hirugarren blokeetan ia eskalatzaile guztiek top egin zuten; ez, ordea, lehenbizikoan eta laugarrenean. Azken bi hauetan, nahiz eta erakustaldi politak ikusi, inork ezin izan zuen blokerik askatu. Oso gutxigatik, baina azkenean Euskal Herriko taldekoak izan ziren irabazle.
Bloke festa handiari amaiera emateko, The Crackeels, Enboskada eta 5 Twisters musika taldeek kontzertua eskaini zuten gauez, gaztetxean.