GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Ibarretxe «ondoen prestatuta dagoen hautagaia» dela ziurtatu du Urkulluk

Datozen hauteskunde autonomikoei begira, EAJko lehendakari Iñigo Urkulluk baieztatu zuen alderdi jeltzaleak «herri honek azken 30 urteetako unerik zailenetakoari aurre egiteko ondoen prestatutako hautagaia» eskaintzen duela, Juan Jose Ibarretxe aurkeztuta.

p012_f01_148x108.jpg

GARA |

EGIk asteburu honetan zehar egindako bosgarren asanbladaren itxiera ekitaldian, Juan Jose Ibarretxe «herri honek azken 30 urteetako unerik zailenetakoari aurre egiteko ondoen prestatutako hautagaia» dela eman zuen aditzera Iñigo Urkulluk.

Asanblada Plentzian eta Bilbon egin zuten gazte jeltzaleek asteburuan zehar, eta itxiera ekitaldian EAJko lehendakari azaldu zuen berak zuzendutako alderdiak euskal gizarteari «euskal nazio proiektu bat» eskaintzen diola, «gure subiranotasun nazionala eta erabakitzeko eskubidea areagotzeko» helburuak izango dituena. Horrez gain, «kontrastaturiko eskarmentua» dutela azaldu zuen Urkulluk.

Modernizazioa

Hurrengo bozaldietarako aurkeztuko duten proiektuari eta hautagaiari buruz, esan zuen eskarmentu horrek ahalbidetu duela «herri honen modernizazioa, duela 15 urte seguru aski inork sinetsiko ez zukeen punturaino».

Era berean, EGIko gazteen aurrean honakoa salatu zuen: «Ezezkoaren alde nabarmendu nahi dutenez inguratuta gaude. Batzuek Madrildik eta, besteek, abertzaletasun eskasetik, gure aberria geldiarazi besterik ez dute egiten».

Bere alderdiko gazteei, «konpromiso konformagaitz» bat mantentzeko deia luzatu zien, eta baikor joka dezaten eta besteekiko elkartasuna adieraz dezaten eskatu zien.

Baikortasun horri eutsita, beste aholku bat ere eman zien; «ezezkoaren indarrak» ez ditzala herrestan eraman, horren emaitza «ezer ez» egitea baita bere hitzetan. Horrexegatik, «ezezkoa esaten dizueten bakoitzean», alternatiba bat, ideia berri bat edo beste lan ildo bat exijitzeko eskatu zien, «orduan aurkituko duzuelako zuen hazkundea eta garapena ahalbidetuko duen jende positiboa». «Ezezko iraunkorra geldiarazlea» dela azaldu zien Urkulluk gazte jeltzaleei.

Beste alde batetik, Euzkadi Buru Batzarreko lehendakariak ohartarazi zuen euskal jendartea «asper-asper eginda dagoela indarkeriarekin, hura erabiltzen dutenekin eta baita harekin espekulatzen dutenekin ere». Azken horien artean sartu zituen «inoiz apurtzeko gai ez diren isiltasunaren gehiegikeriatik» edo elektoralismo «zeken eta burugabeenetik» espekulatzen dutenak.

«THINK EUSKADI»

Urkulluk adierazi zuen EAJk gazteen hitza entzun nahi duela eta, gainera, «Think Euskadi Gaur 2020» planaren bidez politika publiko arrakastatsuenen diagnostikoa egiten ari dela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo