GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

BBK Masters Torneoa

Araudi aldaketak ez du eragotzi sakearen eragina

Saketik pasa egitea aurkariarentzat tanto izan arren, Barriolak hamar kintze lortu zituen lehen jokaldiarekin eta bertan behera utzi zituen Asier Olaizolaren ahaleginak. Finalerdietan Aimarren aurka jokatuko du.

p039_f01_666x555.jpg

OLAIZOLA I 12
BARRIOLA 22

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

BBK Mastersaren berrikuntza nagusia saketik pasa eginez gero aurkariari tantoa ematea da. Pentsa daiteke enpresen helburua lehen jokaldiak buruz buruko partidetan izaten duen eragina apur bat arintzea dela. Baina Asier Olaizola eta Abel Barriolaren arteko final-laurdenetako partidak argi utzi zuen araudi aldaketak ez duela helburu hori bete. Barriolak hamar tanto egin zituen sakez eta horixe izan zen bere garaipenaren gakoa.

Izan ere, eta buruz buru frontoi osoan jokatzeko garai onena izan ez arren, pilotari bakoitzaren dohain eta gabeziak garbi ikusi genituen atzo ere. Barriola txukun ibili zen, erregular, piloteoan min handiegia egin gabe baina aurrean izan zituen aukerak ongi amaituz. Eta, nola ez, sakearekin min eginez. Olaizola, aldiz, oso motel aritu zen errestoan -bere punturik ahulena-, nahiz eta eskuinarekin pilota ongi astindu zuen zenbait tantotan.

Partidak hasiera gogorra izan zuen. Markagailura 2-2koa eta 2-3koa igoarazi zituen bi tantoak ikaragarri luze eta gogorrak izan ziren, eta norgehiagokak asko luzatzeko itxura hartu zuen. Baina Barriola sakearekin tantoak egiten hasi ahala aldeak handitzen joan ziren: Abel 2-10 eta 4-13 aurreratu zen nahiko azkar.

Asierrek ere egin zuen bere takadatxoa eta bere unerik onenean 10-13 eta 11-14 hurbildu zen markagailuan. Baina eskuinez egindako bizpahiru akatsek eta errestoan erakutsitako zuloak ez zion utzi aurrea hartzen. Barriolak beste kolpe bat jo zuen eta segidan egindako bost tantorekin 11-19ra alde egin zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo