GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

BEREZKOAK Superprestigioa

Sebastien Sorhuet eta Patrick Ozafrain izango dira finalerdietarako txartela lortzeko faborito nagusiak

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Superprestigioko final-laurdenetako beste bi kanporaketa jokatuko dira gaur arratsaldean, 16.00etatik aurrera Donibane Garazin, Garat trinketean. Hasteko, Sorhuetek Etxeberriren aurka neurtuko ditu indarrak, eta bigarrengoan, berriz, Ozafrain eta Harizmendi izango dira aurrez aurre arituko direnak.

Jaialdiari hasiera emateko, Sorhuet eta Etxeberri izango dira Garat trinketean. Sebastien Sorhuet aterako da irabazteko faborito. Bakarka oso ongi moldatzen den pilotaria da, bai buruz burukoan eta baita Superprestigioan ere; beti maila oso onean aritzen den pilotari horietakoa da.

Gaur oso aurkari arriskutsua izango du, Herve Etxeberri bikain aritzen baita. Hala ere bera tartean bada, edozer gerta daiteke. Norgehiagoka bikaina edota oso kaskarra. Ikaragarrizko dohainak dituen pilotaria da, baina buruak ez dio askotan laguntzen. Erraz, errazegi etsitzen du, eta horrek ez dio bere maila erakusten uzten. Markagailuan gibeletik baldin badoa, partida askotan amore ematen du. Hori bai, egun ona baldin badu, onenari ere irabazteko gai da, eta gaurkoan horren zain geratuko da jendea. Badaezpada ere dirua Sorhueten alde aterako da.

Bigarren partidan gauzak garbiago daude hasi aurretik. Dena dela ikusi beharko partidak zein bide hartzen duen. Patrick Ozafrain eta Thierry Harizmendi lehiatuko dira.

Ozafrain aterako da garaipena erdiesteko faborito. Bera bakarka jokatzeko dagoen onenetakoa izango da Ezkurrarekin eta Waltarirekin batera, eta ezusteko handia izango litzateke gaur kanpoan geratzea. Bakarka jokatzeko ikaragarrizko dohainak dituela erakutsi du, eta gaur gainera, bere trinketerik kutunenean arituko da.

Harizmendik, aldiz, ez dauka galtzeko ezer, dena irabazteko du. Ezker paretean Aspe enpresarekin aritu ostean, EPB enpresak fitxatu du trinketerako, eta bere lehen lehiaketa handia izango du. Bera izan da, gainera, hona iristeko aurrekanporaketa bat jokatu behar izan duen bakarra, eta oso ongi jokatuz irabazi zion Lazkanori. Gaur garaipena erdiesten duten bi pilotariek, datorren igande arratsaldean elkarren aurka jokatu beharko dute finalerdia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo