GARA > Idatzia > Kultura > Irrati-telebista

Eguzki Etxe berrituaren «berrinaugurazioa», irratiaren aurrerapausoen isla

Iruñeko Eguzki irrati librea Aldapa kalea utzi eta Nabarreriako egoitzara bueltatu da; Eguzki Etxetik emango dituzte irratsaioak aurrerantzean. Larunbatean hainbat ekintza antolatu zituzten gunea inauguratzeko.
p051_f01_97x95.jpg

GARA | IRUÑEA

Iruñeko Eguzki Irrati librea Nabarreria kaleko «lokal historikora» itzuli da lau urteren buruan, oraingoan denbora luzean bertan geratzeko asmoz. Eguzki Etxera izan da itzulera; «irrati profesional baten itxura duen etxera». Besteak beste, bi estudiok, erredakzio gela batek eta teknologia zerbitzu berrituek osatzen dute tokia.

Eguzki Irratiak aurrera begira finkatu dituen helburuak lortzeko horrelako lan gela bat beharrezkoa zuela adierazi zuten bertako kideek, tresna guztiak esku-eskura izatearen garrantzia handia baita irrati sendo bat aurrera ateratzeko, hazten eta hobetzen jarraitzeko bideari eutsita.

Irratiaren berrikuntza horiek ospatzeko eta baita 26. urteurrena gogoratzeko ere hainbat ekintza antolatu zituzten joan den larunbatean. Hala, eguerdiko hamabietan programa berezi batekin hasi zuten eguna, inaugurazioarekin jarraitzeko. Gainera, orain arte egin duten moduan, irratiak betetako urteak ospatzeko aurten Arrano Elkarteak afaria antolatu du, 21.30erako. Inaugurazioaren ondoren eta ia dena prest egon arren, «oraindik xehetasun batzuk zintzilik» daudela adierazi zuten kideek, «seinalea hartzeko hobekuntza, adibidez». Horrelakoak hobetzeko lanean etengabe ari diren arren, inongo laguntzarik ez duen proiektua izanik, Eguzkik kide gehiago behar dituela azpimarratu zuten.

Bestalde, azken hilabeteetan programazio berriari ere ekin diote eta hala, ikasturte honen lehendabiziko zatian, irratsaioen zerrenda berria guztira hogeita hamahiru irratsaiok osatzen dute. Irratiko kideek adierazi dutenez, gainera, webgunea ere berritu dute. Irratia on-line zabaltzeko aukeraz gain, beste hainbat eduki multimedia ere sartuko dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo