Emakume bat atxilotu dute babes ofizialeko etxeen bidez iruzur egitea egotzita
43 urteko emakume bat atxilotu dute Lasarten gizarte laguntzailea zela esan eta babes ofizialeko etxebizitzak eskainiz iruzur egitea leporatuta. Ertzaintzaren arabera, 1.500 euro lortu ditu bi pertsonari iruzur eginda.
GARA |
Larunbat eguerdian Lasarteko udaltzainek ustezko iruzur baten berri eman zioten Ertzaintzari. Honek biktimarengana jo zuen gertatutakoa argitzeko: egun batzuk lehenago emakume baten bisita izan zuen iruzurraren biktimak. Udaleko gizarte laguntzailea zela esanez aurkeztu zuen bere burua ustezko iruzurgileak. Herrian egingo diren hurrengo babes ofizialeko etxebizitzei buruzko informazioa eman zion eta horietako bat beretzat izango zela agindu zion, bankuko kontu batean 2.200 euro sartzen bazituen.
Hala, emakumearen argibideei segituz, 300 euroko lehenbiziko ordainketa egin zuen. Horren ondotik, udaletxean informazioa jasota, iruzur egin ziotela konturatu zen.
Ertzaintzak antzeko beste kasu bat ere gertatu zela jakin zuen, azaroaren hasieran, Lasarten hura ere. Orduko horretan ustezko iruzurgileak Etxebizitza Saileko goi karguekin harremana zuela eta babestutako etxebizitzak zuzenean lor zitzakeela sinetsarazi zion pertsona bati eta biktimak bere kontuan 1.200 euro sartzea lortu zuen.
Aurrezki libreta bat
Larunbatean, 13.30 aldera, ikerketa honen ardura duten poliziek ustezko iruzurgilea atxilotu zuten. Azaldu zutenez, emakumeak aurrezki libreta bat zeraman bere gauzen artean. Bertan, biktimen diru sarreren berri jasotzen zen. Emakumeari bi delitu egozten zaizkio: iruzurra eta funtzio publikoak usurpatzea. Atzo epailearen aurretik igarotzekoa zen.
Antza denez, ustezko iruzurgileak etxebizitza Saileko goi karguekin harremana zuela eta babestutako etxeak zuzenean lor zitzakeela sinetsarazi eta pertsona batek bere kontuan 1.200 euro sar zitzan lortu zuen.