GARA > Idatzia > > Kultura

Latinoamerikako argazkilarien lanak Photomuseumen

Zarauzko Photomuseumen Angel Alonsoren argazki bilduma pribatuarekin osatutako erakusketa dago ikusgai. Bertan, bildumazale bilbotar honek azken hogei urteetan zehar bildu dituen hainbat argazkilari latinoamerikarren lanak aurki ditzakegu urtarrilaren 25era arte.

p050_f01_97x156.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Photomuseum argazki museoak bilduma zaletasunari indarra emateko asmoz hartu duen bidean, erakusketa berri bat prestatu du. Angel Alonsoren (1931) bilduma pribatuko berrogeita bost irudi aurki ditzakegu. Autore ospetsuen lanak eta hain ezagunak ez direnenak elkartu nahi izan ditu bilbotarrak.

Alonso beti mugitu izan da artearen alor ezberdinetan, baina argazkilaritza izan du gustukoena. Bere ogibidea modaren komertzioa izan bada ere, ia bizitza osoa darama argazkiak egiten. Duela hogei bat urte sortu zitzaion argazkilari ezagunen lanen bilduma sortzeko grina, eta horretan dabil geroztik. Hirurehun argazki inguru eskuratu ditu dagoeneko.

Bilduma zabal horretako berrogeita bost lan aukeratu ditu Alonsok Zarauzko erakusketarako. Guztiak egile latinoamerikarrenak dira. Horien artean aurkituko ditugu Peruko Martin Chambi (1891-1973), argazkilari indigena ezaguna. Victor Casasola (1874-1938) mexikarra; bere herrialdeko iraultzan prentsan eginiko lanagatik Latinoamerikako lehenengotako argazkilari dokumentalista lanagatik ezaguna. Eta baita Manuel Alvarez Bravo (1902-2002) ere; mexikarra hau ere, zineman aritutako argazkilaria. Ziur asko, argazki guztien artean ezagunena, Kubako Iraultzaren irudi bilakatu den eta historian zehar gehien erreproduzitu den Alberto Korda kubatarraren «Che»ren irudia izango da.

Photomuseumeko arduradunen esanetan, «Latinoamerikak argazkilari handiak eman ditu, horietako asko mundu osoan nabarmendu dira». Baina erakusketa honetan ospetsu egin diren horiek hain ezagunak ez diren artistekin batera aurkituko ditugu. «Ezagunak ez izatearen arrazoia ez da beren lanen kalitate eza, egun bizi dugun inkomunikazio artistikoa baizik».

Bilduma pribatuak jendartearen eskura jartzearekin bi helburu beteko dituztela esan zuten Photomuseumeko arduradunek. «Batetik, guretzat ia ezezaguna den eremu bateko argazki-artearen ezagutza, eta, bestetik, bilduma bat egiten hasteko erabakia hartzeko orduan berandutzen direnentzako eztena izatea».

ARGAZKILARIAK

Peruko Martin Chambi, Mexikoko Victor Casasola eta Manuel Alvarez Bravo, eta Kubako Alberto Korda argazkilari ezagunen lanak bildu ditu erakusketa honetan Angel Alonso bilbotarrak.

Iraultzaren aurpegi ezagun eta errepikatuena

Alberto Kordak 1960ko martxoaren 5ean egin zion argazki hau Che Guevarari Habanan. Munduari bira emateaz gain, historian gehien erreproduzitu den argazkia izatera iritsi da. Angel Alonsok kubatarra zuen emaztea eta Korda ezagutzeko aukera izan zuen. Honek, hil baino zortzi urte lehenago, 1993an, argazkia oparitu zion eskaintza batekin: «Para Angel Alonso. Hasta la victoria siempre». Alonsoren esanetan «oso gizon xumea zen». A.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo